Dokumentuaren akzioak
Aterpetik kalera begira
Alcaraz Mikel Laboan inspiratu da, eta Zabaletak gardentasunaren ideia landuko du
Ideiak, proposamenak eta bat-bateko burutazioak dantzan dabiltza egunotan
Donostiako Arteleku zentroan. Dantzagunea aretoa kaleko koreografien
laborategi bihurtu da; Eneko Alcaraz eta Ertza konpainiako Asier
Zabaleta ari dira esperimentuak egiten. Dantza Hirian jaialdiak kaleko
dantza baten proiektua garatzeko aukeratu ditu, Aterpean plataformaren
bitartez. Uztailean amaitu beharko dituzte piezak; horretarako, hiru
agertoki dituzte eskura: Mendi Zola aretoa (Hendaia, Lapurdi), CCN
Malandain Ballet Biarritz zentroa (Miarritze, Lapurdi) eta Dantzagunea.
Irailaren 16an kalera aterako dituzte aterpean lantzen ari diren
dantzak.
Eneko Alcaraz Sorginak kanpora! koreografia lantzen ari da; Asier Zabaleta, berriz, Transparent.
Prozesuaren une ezberdinetan daude biak. Alcarazek astebete eman du
Hendaian; beraz, Zabaleta baino pauso bat aurrerago doa: «Material
fisikoari ezaugarriak bilatzen hasi nintzen, eta batzuk aurkitu dizkiot.
Orain, pertsonaia bilatzen ari naiz». Mikel Laboan inspiratutako pieza
garatzen ari da Alcaraz. Absentziaren ideia irudikatzeko bideak lantzen
dihardu, eta, horretarako, etxegabe baten pertsonaia garatzea du buruan.
Zabaletak astebete darama lanean. Arteleku da haren lehen
aterpea, baita Zabaletarekin lan egingo duen dantzariarena ere.
Errusiako Rafael Timerbancov dantzariarentzat sortuko du dantza
Zabaletak. «Oraindik probak egiten ari gara, inprobisatzen, eta gaia
nondik heldu erabakitzen». Transparent piezak «segur aski denok
sentitu dugun sentimendu batez hitz egiten du». Gardenak bihurtzen garen
momentuak irudikatu nahi ditu, bereziki egoera hori bizi duen
pertsonaren ikuspegitik: «Batzuetan hitz egiten dugu edo hitz egin nahi
dugu, eta konturatzen gara ez digutela kasurik egiten, ez zaigula
entzuten, ez gaituztela ikusten».
Koreografiak garatzeko prozesu
bete-betean dira orain; aurretik, ordea, proiektua bera garatu behar
izan zuten, Dantza Hirian jaialdian aurkezteko. Alcarazek aspaldidanik
erabiltzen du Mikel Laboaren musika euren piezetan, eta Laboari
eskainitako disko batetik abiatu zuen proiektua: «Txinaurriak
diskoa asko gustatu zitzaidan. Mikelen absentzia hartu nuen ideia gisa,
eta bera presente egon daitekeela erakutsi nahi dut, benetan ez badago
ere». Laboaren abestien bertsioak biltzen ditu diskoak, hainbat
artistaren ahotsetik. Hiru bertsio aukeratu ditu Alcarazek: Ruper
Ordorikarena (Gure bazterrak), Ama Say taldearena (Ama hil zaigu) eta Willis Drummondena (Gaztetasuna eta zahartasuna). Oraindik ez dauka argi besterik sartuko duen: «Lisabo, Berri Txarrak eta Gora Japonenak asko gustatzen zaizkit».
Ertza
konpainiako zuzendariak argi zuen nor izango zen bere proiektuaren
irudia: Rafael Timerbancov. Dantza Antzerki Garaikideko Txeliabinsk
konpainiako kide da, eta iaz haientzako koreografia bat egin zuen
Zabaletak. «Esperientzia interesgarria izan zen, eta Rafaelek
izugarrizko gaitasunak zituela iruditu zitzaidan». Hori dela-eta,
elkarrekin zerbait egiteko gogoa piztu zitzaion. Asmoa bere horretan
geratu zen, Dantza Hirian jaialdiko proposamena heldu zen arte. «Denbora
nahikoa nuen, konpainiako azken lana bukatu berri genuen eta. Aterpean
plataforman aritzeko aukera atera zenean, Rafaelekin lan egiteko
momenturik egokiena zela ikusi nuen».
Absentziaren eta
gardentasunaren ideiak buruan, horiek adierazteko bideen bila dabiltza
Dantzagunean. Alcarazek azaldu duenez, «fisikoki izan ditzakeen mugak»
erabiltzen ari da absentziaren ideia adierazteko: «Aurpegia estalita lan
egiten ari naiz, aurpegirik gabe dantza egiteko. Eskuak poltsikoan
jarrita, besoak ez erabiltzeko. Eta buruz behera, hankak geldirik
edukitzeko». Zabaletak «ezin aproposagoa» ikusten du dantza gardentasuna
adierazteko. Haren ustetan, dantzaren bidez hobeto adierazten dira
emozioak: «Oso zaila da sentimendu hori hitzekin adieraztea, eta
horregatik sortzen dira egoera horiek, ez garelako gai geure burua
entzunarazteko».
Jaialdia, erakusleiho
Eneko
Alcarazek Dantzagunean amaituko du bere egonaldia, uztailaren 29an.
Zabaleta eta Timerbancov, berriz, Miarritzeko CCN Malandain zentroan
izango dira datorren astelehenetik igandera bitarte.
Jaialdiak
eskaini dien «aukera ona» azpimarratu dute biek. Horrekin batera, Myriam
Arkaia jaialdiko zuzendariaren lana goraipatu dute. Hala dio Alcarazek:
«Oso garrantzitsua da egiten ari den lana. Sentsibilitate ikastaroak
ematen ditu, dantza jende arruntari hurbiltzeko. Dantza ez da
elitearekin lotu behar, kalera eraman behar da, eskoletara… Eta horrela
jendea zaletuz doa, eta gustukoen duen dantza zein den ikasiz».
Sentsibilitate tailerretan parte hartu dute bi koreografoek, ezgaitasun
psikikoa duten lagunekin nahiz haurrekin.
Zabaletaren iritziz,
«oso polita da jaialdiak eskaintzen duen erakusleihoa». Beste
jaialdietako antolatzaileak biltzen dira jaialdira, eta hori aukera ona
da Dantza Hirian amaitzen denerako. Ertza konpainiaren kasuan, duela bi
urte jaialdian aurkeztu zuten pieza batekin lan egiten ari dira
oraindik. Aterpean plataformak eman dien laguntza ere aipatu du
Zabaletak: «Gure kasuan, Rafael ekartzea inbertsio handia da: bidaiak,
ostatua, lana… Eta Aterpeanen laguntzari esker posible izan da».
Eneko Alcaraz koreografoa Mikel Laboan inspiratutako dantza lantzen ari da. / JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
Rafael Timerbancov dantzaria Transparent pieza garatzen ari da, Ertza konpainiako Asier Zabaletak harentzat sortzen ari den lanean. / JUAN CARLOS RUIZ/ARP
Dokumentuaren akzioak