Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Aterki» bat herriarentzat

Dokumentuaren akzioak

«Aterki» bat herriarentzat

Asteartean ehun urte beteko dira Eibarko Klub Deportiboa sortu zela. Iñaki Osoro presidentearen hitzetan, kluba «herriaren babesgune» izan da sortu zenetik gaurdaino.
Egilea
Miren Mujika Telleria
Komunikabidea
Berria
Tokia
Eibar
Mota
Erreportajea
Data
2024/01/27
Lotura
Berria
(ID_13529563) (/EZEZAGUNA) errezil,1925
Eibarko Mendi Elkarteko kide batzuk, 1925ko uztailean, Errezilen, Hernion egon ondotik. HITZA

«Jende askoren lanari esker». Hala lortu du Eibarko Klub Deportiboak mendeurrena betetzea, klubeko presidente Iñaki Osororen arabera. «Kluba sortu zutenek ibilbide oparo bat egin zuten kirol soziala sustatzeko asmoz, eta herrian askotariko jendea inplikatu zen hasi berria zen proiektuan. Horri eta bidean parte hartu duten ehundaka boluntariori esker iritsi gara honaino». Gaur egun, gainera, «ez dira gutxi» egunerokoan klubarentzat lanean aritzen direnak. «Deporren lagun asko dira astero-astero tarte bat eskaintzen diotenak klubari: begirale lanetan, dantzan, kiroletan, egiten diren jarduera guztietan zein diru kontuak eramaten». 1924ko urtarrilaren 30ean sortu zen, zehazki, kluba; horrenbestez, asteartean beteko du klubak mendea, eta «egitarau zabala» antolatu dute egun horretarako.

Herri batek Eibarko Klub Deportiboaren gisako elkarte bat «ezinbestekoa» duela dago sinetsita Osoro. Izan ere, haren ustetan, herri guztiak parte hartzeko aukera ematen duen organizazio bat da eurena. «Ikusi besterik ez dago urte amaieran urtero-urtero ateratzen den balantze positiboa. Asko dira antolatzen ditugun jarduerak, eta esango nuke den-denak direla herriari begira prestatutakoak».

Azaldu du, halaber, nahiz eta kirol klub gisa diren ezagun, askotarikoak direla eskaintzen dituzten ekintzak. Elkartea sortu zutenean, lau ziren aurrera eramaten zituzten jarduerak: mendia, atletismoa, txirrindularitza eta pilota. Urte hauetan bildutako indarrek, baina, eskaintza zabaltzeko modua eman diote Eibarko Klub Deportiboari, eta, egun, hamahiru jarduera dauzkate: mendia, dantza, argazkilaritza, xakea, atletismoa, squasha, eskia, pilota, artxiboko argazki eta dokumentuekin egiten diren ekintzak, urpeko ekintzak, kultur ekintzak, espeleologia eta txirrindularitza. «Baditugu lehiaketetan aritzen diren taldeak, baina gure helburua ez da lehia, nahiz eta kirolari paregabeak izan ditugun klubean. Gure helburu nagusia da herritarrei denbora librean ekintza desberdinak egiteko aukera ematea eta parte hartzea sustatzea».

«Gure helburu nagusia da herritarrei denbora librean ekintza desberdinak egiteko aukera ematea eta parte hartzea sustatzea».IÑAKI OSORO Eibarko Klub Deportiboko presidentea

Herriak, gainera, probesten du klubak eskaintzen duen aukera hori. Izan ere, Osorok esan du 2.700 bazkide inguru dituztela. «Egunero-egunero dabil jendea hemen. Bakoitzak gustuko dituen ekintzetan ematen du izena, eta gaur egun, gainera, ekintza asko daude nork bere gustukoa aukeratzea ahalbidetzen dutenak». Mendi irteerak dira, presidentearen arabera, parte hartzailez goraino betetzen direnak, nahiz eta bestelako ekintzetan ere jende askok ematen duen izena. «Atletismoan, adibidez, 30 edo 40 bat lagun arituko dira egunero, baina egunerokoaz aparte antolatzen ditugun atletismo jardueretako parte hartzea nabarmen igotzen da. Ekimen batzuk dira bazkideei begirakoak, eta beste batzuk, herriari begirakoak».

Antzeko zerbait gertatzen da dantzan ere. Osorok azaldu du berrehun bat lagun direla urtean zehar dantza egiten duten herritarrak, baina herriko plazan dantzatzeko ekinbide bat antolatzen dutenean askoz jende gehiago joaten dela.

(ID_13529562) (/EZEZAGUNA) atletismo
Eibarko Klub Deportiboko atleta batzuk, 1999an, Donostian. HITZA

Eboluzio nabarmena

Ehun urte betetzear da Eibarko kluba, eta lehendakariak jakinarazi du eboluzio «handia» izan duela. «Azpiegiturari dagokionez izan du eboluziorik handiena. Lehen 30 urteetan, sortzaileek ez zuten elkartzeko lokalik, eta, denbora igaro ahala, txoko desberdinetan mugitu ziren. 1954an lortu zuten horretarako espazio bat, eta lokalak garapen bat izan du gaur arte bere instalazio eta zerbitzuetan».

«Bakoitzak gustuko dituen ekintzetan ematen du izena, eta gaur egun, gainera, ekintza asko daude nork bere gustukoa aukeratzea ahalbidetzen dutenak».IÑAKI OSORO Eibarko Klub Deportiboko presidentea

Hastapenetatik gaur arte espazio hori herritar askoren «babesgune» bihurtu dela dio Iñaki Osorok: «Nik esango nuke Eibarko Klub Deportiboa aterki bat dela. Alegia, herrian dagoen eta antolatuta ez dagoen edozein talde gure klubera etortzen bada eta gure filosofia ezagutzen badu, babesa emango diogu».

Nolanahi ere, filosofia hori asko aldatu dela uste du presidenteak. Hark zortzi urte daramatza lan horretan, eta gertutik bizi du aldaketa. «Orain dela urte dezente, bazkidea oso leiala zen klubarekin. Pentsa: lehen, familia askotan, norbait jaio eta berehala bihurtzen zuten Klub Deportiboko bazkide, eta ez zion inoiz uzten bazkide izateari. Gaur egun, berriz, bazkideak egiten dira, oro har, gustuko dituzten ekintzetan parte hartzeko, eta parte hartuta, utzi egiten diote bazkide izateari».

Hain zuzen ere, mendea ospatzeko egun osoko egitaraua antolatu dute hilaren 30erako. Goizean goizetik ekingo diote ospakizunari, 08:00etatik hasita. Ordu horretan hasiko dira ikasleen arteko topaketak Astelena pilotalekuan, eta hainbat kirol jarduera egiteko aukera izango dute bertan. Horrez gain, Asier Cuevasek, Julen Teranek, Aitziber Urkiolak eta Oihane Sarasketak 100 kilometroko korrikaldia egingo dute zinta gainean, eta Jokin Amorrostak, Pello Osorok, Maria Gallastegik eta Ane Ziaranek, berriz, bizikleta estatikoan egingo dute euren saioa. 19:00etan, berriz, bideo emanaldiak egingo dituzte pilotalekuan bertan, eta baita irakurketa bat ere, Errebalen. 20:00etan kalejira abiatuko dute, Errebaletik Klubera. Behin klubeko atarira iritsita, argazkia aterako dute parte hartzaile guztiek, eta amaitzeko, luntxa izango da, klubeko egoitzan bertan.

Osorok jakinarazi du egun horretan biltzen den dirua Zaporeak elkartera bideratuko duela klubak: «Gure ale txikitxoa jarri nahi dugu Lesboseko errefuxiatuen kanpalekuetan».

Dokumentuaren akzioak