Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Asturias eta Letoniako doinuek dantzan jarriko dute Errenteria

Dokumentuaren akzioak

Asturias eta Letoniako doinuek dantzan jarriko dute Errenteria

Egilea
Ainhoa Oiartzabal
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2001/04/29

Asturiasko Arcanjel San Miguel musika taldearen emanaldia izango da gaur. Bigarren aldia du Errenterian. «Hogeita hamabost musikarik hartuko dute parte kontzertuan, eta gaita nahiz eskusoinua joko dute». Halaber, Errenteriako txistulariekin eskainiko dituzte kanta batzuk.



Asteartean Dantzari Txiki Eguna ospatuko dute. «Euskal Herri osotik etorriko dira haurrak, 300 bat». Goizean kalejira eta eguerdian emanaldia eskainiko dute. Ostegun iluntzean, berriz, estilo ezberdinetako dantza saioak izango dira Errenteria Hiria Kultur Etxean. Atzerriko folklorea erakusteko asmoz, euskal dantzez gainera, dantza modernoa, garaikidea, klasikoa… dantzatuko dituzte.



Vizbulite dantza taldea maiatzaren 4an



Maiatzaren 4an izango da Errenteria dantzan jaialdiaren emanaldi nagusia: Letoniako Vizbulite dantza taldearen saioa. «Letoniako dantzarien harrobia da Vizbulite», adierazi digu Jon Mayak, munduan oso talde ezaguna dela esatearekin batera. Iluntzeko 20:30ean eskainiko du emanaldia, Ereintza taldearekin batera, Errenteriako pilotalekuan. Hurrengo egunean, maiatzaren 5ean, beste saio bat aurkeztuko dute Vizbulitekoek Errenteriako Zumardian, eguerdian.



Dantza emanaldi horietaz gainera, dantzari buruzko argazki erakusketa zabala paratuko dute Xenpelarren Ereintza dantza taldeko kideek. «1805. urtetik gaur arte Errenterian dantzari buruz ateratako ehunka argazki bildu ditugu». Errenteriako argazkiekin batera, Euskal Herrian erromerietan eta antzeko ekitaldietan ateratako argazkiak ere jarriko dituzte. «Ereintza taldeak atal berezi bat izango du», zehaztu digu Jon Mayak.

Dokumentuaren akzioak