Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Sarearen bidez antolatzen duen Dantzaren XIX. Zirkuituak zazpi ikuskizun aurkeztuko ditu asteburu honetan Zigoitian, Amorebieta-Etxanon, Basaurin, Durangon, Elorrion, Galdakaon eta Getxon.
Bihar, abenduak 1, Amorebieta-Etxanoko Zornotza aretoan, LaMov taldeak El Lago egingo du. Obra horretan, “Errusiako balletaren paradigma hori berrikusiko du Víctor Jiménezek, ohiko ezaugarri dituen etengabeko ikerkuntza eta erritmoaren, mugimenduaren eta argi-arkitekturen esperimentazioa erabiliz, eta LaMoven hizkuntza transgresorea paregabe bihurtu duen sentsibilitate liluragarria erakutsiz.” Igandean, Durangoko San Agustin aretoan ere arituko da talde bera.
Egun berean, Basauriko Social Antzokian, musika, kantua eta dantza uztartzen dituen AMAraun ikuskizuna oholtzaratuko da. “Ama izateko edo ez izateko erabakiak ematen dio hasiera performanceari, eta amatasunaren zenbait esperientzia aurkezteko aukera ematen du horrek, ezagutzen ditugun ereduen eta nahiko genituzkeen ereduen arteko trantsizioan”
Azkenik, egun horretan ere, Proyecto Larruak La casa vacía pieza egingo du Elorrioko Arriola Antzokian. La casa vacía hil berri den artista baten eta haren bikotekidearen historia da, eta dantza, antzerkia eta dokumentala uztartzen ditu, eta eszenak zatikatuta datoz, collage batean bezala: Bizitzaren, irudien eta oroitzapenen collagea.
Abenduaren 2an, Aukeran Dantza Konpainiak Hurrengo Geltokia egingo du Zigoitiako Kultura Etxean. “Bizitza, bidaia gisa ulertuta, eta maletak, norbanakoaren eta barruan dituen probabilitateen metafora, guztiontzat berdintsuak diren indarrak eta gaitasunak dituen bizi-prozesuaren kohesio-elementuak dira. Bidaiari bakoitzak bere ekipajearen zama darama gainean. Eta, bidaiaren azken zatian, oroitzapenen adinean, bakardadeak horrenbeste izen dituen tarte horretan, husteko zorian daude maletak, higatuta. Luzea da iragandako denbora, eta oraina desegiten ari da, trakets. Erlojuek gure izate iragankorra erretratatzen dute. Geltokia erbestearen hasiera da: geraleku bat zorionean, eternitateari uko egitea.”
Lasala, Judith Argomanizek zuzendutako dantza garaikideko konpainiak, 10 urte bete ditu, eta hori ospatzeko bere emanaldia egingo du Basauriko Social Antzokian.
Azkenik igandean, Kresala Dantza Taldeak Hitaz Orhoit oholtzaratuko du Getxoko Muxikebarrin. Hitaz Orhoit basakeriaren eta zentzugabekeriaren biktima ikusezinen oroimenez sortutako obra da, gogoan hartuta emakumeak direla biktima horietan gehienak.