Dokumentuaren akzioak
Asteburu hontan ospatuko da bederatzigarren 'Hondarribia Dantzan'
Biharko hitzaldiarekin jarriko da martxan aurtengo egitaraua
Kemen Dantza Taldeak bederatzigarren urtez antolatzen du ekitaldi sorta, Kultura departamentuaren laguntzarekin, eta hasiera bihar emango zaio. Arratsaldeko zortzitan Kultur Etxean, Ion Iruretagoienak 'Nondik Nora? Dantzak, maskaradak, dantza-maisuen oroitzapenak...' hitzaldia eskeiniko du.
Kemeneko ordezkaria den Eder Valladaresek adierazi du nola «urtero saiatzen gara dantza mota desberdinak eskaintzen, euskal dantzen aberastasuna zabaldu asmoz. Aurten, Arizkungo Baztandarrak Dantza Taldea, Igantziko Dantzariak eta Ablitaseko Mendiandike Dantza Taldea izango ditugu Hondarribian, larunbat arratsaldean, bostak eta erdietatik aurrera. Zortziak eta erdietan Santiago kalean erromeria izango da Kemeneko dantzari eta musikariekin».
Igande goizean, hamaiketan Santa Maria Magdalenatik abiatuz, Bidasoa bailaran euskal dantzak ikasten diharduten Kemeneko Adaxkako haur dantzarien bilkura burutuko da. Handik Arma Plazara abiatuko dira guztien arteko dantza agerketa burutzeko.
Txomin Sagarzazu Kultura zinegotziak dioenez, «ondo errotutako ekitaldi bat da; euskal dantzarekin dugun harremanean sakontzen jarraitzeko eta esperientzia berriak bizitzeko esperientzia eskaintzen digu hondarribitarrei».
Dokumentuaren akzioak