Asteburu honetan, dantza garaikidea Bilbotik paseatzera aterako da

Dantza garaikidea aire zabalean eta espazio publikoa bereganatuta, hori da Leku Leku jaialdiak eskaintzen dutena. «Dantzak antzokietatik atera eta kalez kale ibiltzen direnen bidera irteten denean, zerbait magikoa gertatzen da», laburbildu dute jaialdiaren antolatzaileek, Bilboko La Fundición aretoko arduradunek.
Izan ere, ostiral honetan, ekainak 26, eta larunbatean, ekainak 27, «Itsasadarraren ondotik paseatzea esperientzia artistiko bihur daiteke, ustekabean». Joan den asteartean hasitako jaialdiaren amaierako bi egunei esker izango da. Jaialdiak, egunotan, dantza garaikidea Abandoibarrako lorategi-gune jendetsura aterako du, Guggenheim Museoaren eta Euskalduna Jauregiaren artean.
Arratsaldero, 19.00etatik 21.00etara hortxe-hortxe, jaialdiaren logodun heliozko puxika zuri handi batzuek Abandoibarra gainetik hegan egingo dute jendeari adierazteko unean-unean emanaldiak non izango diren (Guggenheim Museoaren eta Euskalduna Jauregiaren arteko Itsasadarraren ertzeko kilometroaren artean).
Euskal Herriko, Estatuko eta nazioarteko konpainien hamar bat pieza labur programatu dira aire zabaleko espazio publikoko beste hainbeste txokotan. «Dantza herritarrengana gerturatzea, demokratizatzea eta espazio publikoaz bestelako moduaz, era bereziaz, elkarrekin gozatzea da helburua», azaldu dute Lekuz Lekuko arduradunek. «Dantza garaikidea eguneroko bizitzaren parte izatea eta edonork gozatu ahal izatea nahi dugu», gehitu dute.
Programazioan nabarmentzekoak dira erabateko estreinaldi bi, estreinaldi bi gurean eta jai-amaiera partizipatiboa. Ostiralean, besteak beste, hauek ikusteko aukera egongo da: ‘Pulsaciones x minuto’, Los que faltaban Madrilgo gazte konpainiarena, gure bizitza aldatzen duten gertaera ñimiñoei buruzko hausnarketa; ‘Trïade’, Colectivo Glovo galiziarrarena, emakumeen konplizitatea aldarrikatzen duena. Gainera, egun horretan, Oups Dance Company bikote frantziarraren ‘Adsurbe’ estreinatuko da Euskal Herrian, egungo bizi-erritmoak eragindako akiduraren esplorazio fisiko bizia.
Larunbatean erabateko bi estreinaldi izango dira: ‘Cumbia 110 BPM’, LaCerdarena, Mutis Espazioarentzat, erritmo latinoak eta dantza-maratoiak dozena bat dantzarik interpretatuko dituzten ospakizun kolektibo bihurtuko dituena; eta ‘CQSEAAQVAD’, Olatz de Andresen Lŏkke konpainiaren lan berria, denboraren joanaz hausnartzen duen hirukotea.
Euskal Herrian lehen aldiz ikusi ahal izango da, halaber, ‘Manifesto’, Àngel Duran 2024ko Max Sariaren pieza berria (gizonezko dantzaririk onena), Duranek berak parte hartzen duen boskotea, mugimendu kolektiboaren bidez askatasuna eta desberdintasuna goraipatzen dituena.
Aurtengo jaialdiaren amaiera gisa, «dantza ikusten gozatzeak dantza egiten gozatzeari bidea emango dio», aurreratu dute Lekuz Lekuko arduradunek. Larunbatean, 21.00etan, Little Harlem talde bilbotarrak swing, charleston eta jazz saio partizipatiboa eskainiko du Guggenheim Museoaren zabalgunean, adin guztietako jendearentzat (ez da aldez aurreko ezagutzarik behar).