Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Asteburu honetan jokatuko da Seguran Euskal Herriko Dantza Sueltoko Txapelketa

Dokumentuaren akzioak

Asteburu honetan jokatuko da Seguran Euskal Herriko Dantza Sueltoko Txapelketa

Hamabi bikote ariko dira igande arratsaldean nestor basterretxearen eskultura lortzeko lehian

Egilea
Joseba Imaz
Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2006/06/13

Horrela jakinarazi zuten atzoko aurkezpen ekitaldian Segurako alkate Mikel Areizagak, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko koordinatzaile Joxe Juan Ugaldek, lehen edizioko irabazle Lurdes Lopetegik eta ETBko programa zuzendariorde Joxe Mari Oterminek. Berritasun bezala, lehiaketan zehar Ziklus Dantz izeneko perkusio eta dantza ikuskizun batez gozatu ahal izango dute ikusleek, aurkezturiko bikoteek dantza saioa amaitu ondoren.

Mikel Areizagak adierazi zuenez, Euskal Herriko Dantza Txapelketak "maila gorena lortu du eta hori mantentzea izaten da helburua". "Dantzarien Tourra izaten da", gaineratu zuen. Era berean, Segura "erreferentzia" bihurtu dela aipatu zuen Joxe Juan Ugaldek, "dantzaren katedrala" delako. Hala, 30. edizioa jokatuko dute igande honetan, Azkoitia, Bergara, Sestao, Arama, Lazkao, Asteasu, Hernani, Errenteria, Donostia eta Pasaiatik etorriko dira parte hartzaileak. Horien artean izango dira iazko irabazleak, Azpitarte anai-arrebak. Bikote bakoitzak bi pieza dantzatu beharko du: fandangoa txistuz eta arin-arina trikitixaz lagunduta.

1977az geroztik Seguran egiten den lehiaketa honek pisu handia du Gipuzkoan. Izan ere, orain arteko irabazle gehienak gipuzkoarrak izan dira, Bizkaiko Alkorta lehengusuak izan ezik. Aurten ere hamabi partaideetatik hamaika Gipuzkoa bertakoak izango dira.

Imanol Artola eta Izaro Iraeta aurkezleek gidatuko dute txapelketa eta ETB-1k eskainiko du aurrez grabatutako emanaldian, igandean gauean bertan. Epaimahaia, berriz, Joxe Juan Ugaldek, Karlos Sarriegik, Rafa Salaberriak, Jose Antonio Atxukarrok eta Gabriel Alonsok osatuko dute.

Igandeko saioaren atsedenaldian, Ugaldek berak eta Iñaki Telleriak zuzendutako Ziklus Dantz ikuskizuna eskainiko du dantzari eta musikari talde batek. Saio hau prestatu dutenek, dan-tzako urrats tradizionalak perkusioarekin eta musika tresna herrikoiekin uztartzeko egindako saiakera egin dute.

Dokumentuaren akzioak