Irailaren 26tik abenduaren 14ra, Dantzaldia 2023, Bilboko Nazioarteko Dantza Jaialdiaren XXIV. edizioa izan da. Dantza garaikidearen hamar bat hitzordu handi programatu dira Bizkaiko hainbat agertokitan. Aurten, “joan-etorriko bidaia hori egin duten eta oraindik bidean jarraitu arren Euskadin finkatuta dauden dantzari eta koreografo horiek ezagutzea” izan da asmoa.
Lehen pieza Glovo kolektiboaren Alleo (Arrotza) izan zen Rekalde Aretoan. Urrian, Ojo Critico saria jaso berri duen Chey Jurado Extremadurako dantzariak Samsara interpretatu zuen Javito Mariorekin batera. Ondoren, Ertzak Otempodiz aurkeztu zuen. Eta Filipe Moreira portugesak Escuta lana egin zuen Deustuko La Fundición aretoan.
Azaroaren 2an, leku horretan bertan, Oroitzen naiz / Je me souviens filma proiektatu zen. Eta azaroaren 11n, Guggenheim Museoan Estévez / Paños y Compañía konpainiak Tríptico #1 lana aurkeztu zuen. Azaroaren 18an, Jesus Rubio Gamoren Acciones sencillas ikuskizun berria izan zen Barakaldo Antzokian. Eta azaroaren 23an, soinu ederrez eta argiztapen interaktiboz osaturiko Oecumene pieza oholtzaratu zen.
Azken lana abenduaren 14an ikusi ahalko da; Igor Calongeren Cielo Raso konpainiaren Hâmaïkà lanak itxiko du jaialdia. “Hâmaïkà-k han-hemenka ukitzen ditu fikzioa eta errealitatea, ez oso serio, baina geure burua begiratzera bultzatuz. Fikzioa eta errealitatea elkartzen direnean, magia agertzen da. Magiak beti dauka bere trikimailuren bat, eta normalean ez du trikimailu hori erakutsi nahi, horrek ilusioa hiltzen duelako… Baina ilusioa irudimen faltagatik hiltzen da.”
Xehetasun guztiak Dantzaldiak dauzka.