Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Artistaren barne-zurrunbiloak aztertuko ditu Kukaik ‘Gauekoak’ ikuskizun berrian

Dokumentuaren akzioak

Artistaren barne-zurrunbiloak aztertuko ditu Kukaik ‘Gauekoak’ ikuskizun berrian

Etxeko atea zeharkatzean, maskara erauzi eta pertsona bilakatzen da artista, bere ziurtasun eta zalantzekin, oreka eta desorekekin. Hala agertu nahi izan du Jon Maya Kukaiko koreografo eta dantzariak ‘Gauekoak’ ikuskizunean. Xabi Bandini eta Arkaitz Miner musikariekin batera, artistaren barrunbeetarako bidaia proposatzen du.
Egilea
Amalur Artola
Komunikabidea
Naiz
Mota
Albistea
Data
2019/11/27
Lotura
Naiz

Maskara kendu eta, etxeko isiltasun eta intimotasunetik, artistaren beste aurpegia agertu nahi izan du Jon Mayak ‘Gauekoak’ ikuskizun berrian. Kukairen zigilua daraman lan honetan dantzak hartuko du nagusitasuna, baina artistaren barne-bizitzaren gaineko gogoeta egiteko bi musikari izango ditu lagun Mayak oholtza gainean: Xabi Bandini batetik, Kerobian ibilitakoa eta egun bakarkako ibilbidean dabilena, eta Arkaitz Miner bibolin-jolea bestetik. Hiruren gidari, Mireia Gabilondo aritu da zuzendaritza lanetan.

«Gaua bada testuinguru bat non maskara guztiak kendu eta gu geu garen, gure isiltasun eta buruko zurrunbiloekin», esan du Mayak obraren aurkezpenean, eta Kukairen azken ikuskizunetan hainbat kolaborazio egin eta rol ezberdinak jokatu behar izan dituen bezala, lan berrirako hutsetik zerbait eraikitzeko irrika zuela azaldu du: «6tik 42 urtera nire bizitzan etenik gabe egin dudan gauza bakarra dantza izan da. Nire muga eta nahiekin, pentsatu nuen polita litzatekeela hutsetik zerbait hastea». Hala, dantza piezek Mayaren ibilbidea dute ardatz, haur zela irabazi zituen aurresku txapelketetatik hasi eta Kukaik ardatz duen dantza tradizional eta garaikidearen arteko uztarketara. Koreografia hauek Mayak begiko dituen eta bere ibilbidean esanguratsuak izan diren hiru koreografok eraiki dituzte: Cesc Gelabert, Israel Galvan eta Sharon Fridman.

«Sortzailearen barruko estuasun eta momentu onak erakutsi nahi genituen, gaueko momentu horiek», azaldu du Gabilondok, eta eszenografia ere era horretan eraiki dutela argitu du. Ohe bat, sofa bat eta «sormenaren tanta» irudikatzen duen egitura bat dira elementu nagusiak eta espazio bakoitzak sortzaile banaren etxe edo espazio pertsonal horri egiten dio erreferentzia. «Sortzaile bakoitza bere etxean ikustea da ideia, bizilagunak balira bezala. Haseran elkarren hotsak entzungo dituzte, musika, eta hortik abiatuko da euren arteko harremana», aurreratu du.

Musikariak ere kontent azaldu dira ikuskizunean duten partaidetzarekin. Bandinik beste arlo batzuetatik edan izana eskertu du: «Hemen ikusi ditudan diziplinekin ez dut sekula lan egin eta dantzak, musikak eta Mireiaren begiradak badute sakontasun bat orain artean sumatu ez dudana. Hori niretzat ospakizun bat da», ziurtatu du. Miner-ek ere proiektua elkarbanatzeak ekarri dion aberastasuna nabarmendu du: «Ideiak uztartu ditugu eta nigandik atera dira bestela aterako ez ziren zenbait gauza, hor sinergia aberasgarriak sortzen dira».

‘Gauekoak’ larunbat honetan aurrestreinatuko da Errenterian, eta igandean Hondarribian eta astelehen eta asteartean Bilboko Arriagan izango dira.

Dokumentuaren akzioak