Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 'Artistak egoitzan' programaren seigarren edizioan izena emateko epea zabalik da

Dokumentuaren akzioak

'Artistak egoitzan' programaren seigarren edizioan izena emateko epea zabalik da

Euskadiko profesionalei, artistei eta taldeei zuzenduta

BilbaoEszenaren ekimenaren helburua Bilbon arte eszenikoen alorrean sorkuntza edo ikerketa prozesuak aurrera eraman nahi dituzten konpainiei eta norbanako artistei laguntzea da
Egilea
Europa Press
Komunikabidea
El Correo
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2014/02/09
Lotura
El Correo

'Artistak egoitzan' programaren seigarren edizioan izena emateko epea zabalik dago jada. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, BilbaoEszena Baliabide Eszenikoen Zentroaren bitartez sustatutako ekimenaren helburua Bilbon arte eszenikoen alorrean sorkuntza edo ikerketa prozesuak aurrera eraman nahi dituzten konpainiei eta norbanako artistei laguntzea da, baliabide ekonomikoak, instalazioak, baliabide teknikoak eta laguntza artistikoa eskainiz, beren proiektua garatu dezaten.

Aurreko edizioan bezala, programa Euskadiko profesionalei, artistei eta taldeei zuzenduta egongo da, eta, batez ere, eszena berriekin lotuta dauden, interes berezia duten eta diziplina anitzak lantzen dituzten proiektuei, ardatz nagusia antzerkia edo dantza izanik, kaleko antzerkiarekin edo zirkuarekin lotutako proiektuak ahaztu gabe. Helburua arte sorkuntza bultzatzea eta euskarri nagusi gisa eremu eszenikoa duten ikerketa eta garapen prozesuak indartzea da eta, horrez gain, sorkuntza alorreko talentua aurkitzea eta geureganatzea.

Hala nahi duten Euskadiko konpainiek edo artistek martxoaren 30era arte aurkeztu ahal izango dute proposamena. Horretarako, interneten (www.badbilbao.com) dagoen deialdiaren eskari orri ofiziala behar bezala bete beharko da. Orria euskaraz edo gaztelaniaz bete ahal izango da.

Helburu gisa proposamen eszenikoen sorkuntza, ikerketa eta hedapena duten lau proiektu aukeratuko dira. Aukeratzeko orduan, epaimahaiak, proiektuaren interes artistikoa, lanaren azken aurkezpenaren edo ikus-entzuleekin edo beste artista batzuekin garatu beharreko ekintza pedagogikoen edo didaktikoen kalitatea, bideragarritasuna, euskarari emandako trataera eta pertsona edo talde eskatzailearen balorazioa izango ditu kontuan.

4.000 euroko diru laguntzak

Joan den urteko edizioan 56 eskari jaso ziren guztira, horietatik 11 euskaraz. Gehienak diziplina anitzeko eta performance motako proposamenak izan ziren. Eta orain, bigarren urtez jarraian, Kultura eta Hezkuntza Sailak lehentasuna eman dio euskal eszena berria bultzatzeari. Hori dela eta, 2014ko deialdi honetan, sorkuntza edo ikerketa eszeniko garaikiderako lan prozesuetan BilbaoEszenarekin elkarlanean aritzeko interesa duten Euskadiko proiektuak, taldeak edo artistak baino ezin izango dira aurkeztu, 18 urtetik gorakoak, beti ere.

Aukeratutako egoitzen gehieneko iraupena 25 egunekoa izango da, eta modu intentsiboan gauzatuko dira, denbora tarte horretan, aurkeztutako eta aukeratutako arte proiektuaren arabera. Egoitzak BilbaoEszenaren lokaletan eta Hiriko beste gune eszeniko batzuetan gauzatuko dira, uztailean, abuztuan, irailean eta urriaren erdialdera arte, batez ere.

Proiektu bakoitzera bideratuko den kopurua 1.500 eurokoa izango da gutxienez eta 4.000 eurokoa gehienez. Horrez gain, aukeratutako pertsonek beren sorkuntza proiektuak ikus-entzuleen edo sektoreko profesionalen aurrean aurkezteko aukera izango dute, BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiaren hurrengo edizioan edo udalak bultzatutako beste edozein ekimen eszenikoren barruan. Informazio guztia www.bilbao.net eta www.badbilbao.com webguneetan jaso ahal izango da, eta azken helbide horretatik eskariak izapidetu ere ahal izango dira.

'Artistak egoitzan' programaren seigarren edizioan izena emateko epea zabalik da
Kaleko antzerkiarekin edo zirkuarekin lotutako proiektuei egongo da zuzenduta ere 'Artistak egoitzan' programa.

Dokumentuaren akzioak