Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Arteen Artean, Baionan eta Biarritzen euskal kultura plazaratzen duen egitasmoa

Dokumentuaren akzioak

Arteen Artean, Baionan eta Biarritzen euskal kultura plazaratzen duen egitasmoa

Arteen Artean ekitaldia, azaroaren 27an, hasiko da, euskal dantzaren hirugarren zikloaren ate idekitzearekin batera. Baionan eta Biarritzen plaza hartzen duen ekimen honetan, musika, dantza eta antzerkia ardatz hartuta, ikusgarriak, mintzaldiak, tailerrak eta mahai-inguruak eskainiko dira.
Egilea
Maitane Etxeberria
Komunikabidea
Kazeta
Tokia
Baiona. Biarritz
Mota
Albistea
Data
2024/11/27
Lotura
Kazeta
 Maurice Ravel Kontserbatorioa bazkide andana batekin elkarlanean aritu da, ekitaldia egin ahal izateko.
Maurice Ravel Kontserbatorioa bazkide andana batekin elkarlanean aritu da, ekitaldia egin ahal izateko. (Maurice Ravel kontserbatorioa)

Euskararen Urtaroa kari, Arteen Artean ekitaldiak euskal kulturaren praktika eta transmisioa nabarmentzen ditu. Bere hirugarren edizioa azaroaren 27tik 30ra iraganen da Baiona eta Biarritzeko hirietan.

Maurice Ravel Kontserbatorioak, Euskal Kultur Erakundeak, Malandain Ballet Biarritzek eta beste hainbat bazkidek elkarlanean aritu dira atolatutako ekimen honek euskal kulturaren inguruko ezinbesteko hitzordu bat bihurtzeko gisan.

Edizio honetan, Euskal Hirigune Elkargoarekin duten lankidetza azpimarratzekoa da, programa osoa Euskararen Urtaroa egitarauaren baitan kokatzen baita. Ikusle guztiek, haur zein helduek, egitarau anitz eta sortzaile batez gozatzeko aukera izanen dute, musika, dantza, antzerkia eta beste hainbat diziplina uztartzen dituen jardueren bidez.

Egitarau oparoa

Hirugarren edizio hori, azaroaren 27an hasiko da, euskal dantzaren hirugarren zikloaren ate-irekitzearekin, Baionako iparraldeko kontserbatorioan.

Bestalde, azaroaren 28an, 18:00etan, Juan Mari Beltranek ‘Soinu-tresnak euskal herri musikan’ mintzaldia eskainiko du Baionako Euskal Museoan. Bertan, euskal herri musikaren eta soinu tresnen historia azalduko ditu, kulturaren eta identitatearen arteko loturak azpimarratuz. Mintzaldia euskaraz izanen da, frantsesezko bat-bateko itzulpenarekin.

Biharamunean, ostiralez, Baionako Arte Hiriako Henri Grenet auditorioan, bi jarduera nagusi izanen dira. Lehena, ‘Memòria en Partageliburuaren aurkezpena, Pascal Caumont eta Joan-Lois Laviten eskutik. Bigarrena, mahai-ingurua izanen da, ‘Kantu herrikoia zertan da? Euskal kantuaren transmisioaren egoera eta perspektibak’ titulupean. Euskal kantuaren transmisioa aztertuz, hainbat adituren lekukotasunekin.

Ekitaldiaren azken egunaz gozatzeko, azaroaren 30an, Miarritzeko Gare du Midi aretoan, arte eszenikoen tailerrak eskainiko dira. Goizean, 9:30etan, iLaUNA ikusgarriarekin lotura zuzena duten hiru tailer proposatuak izanen dira, Bilaka eta Adar konpainiako kideekin. Lehena, Dantza, Oihan Indart dantzariarekin, bigarrena, musika, Arnaud Bibonnekin eta azkenik, antzerkiko klase magistrala, David Ondarsekin.

Arratsaldean berriz, 13:30etan, Maxka’roa ikusgarriarekin lotura zuzena duten dantza, musika eta antzeriko klase magistralak proposatuak dira. Eneko Gil dantzaria, Jérémie Garat musikaria eta David Ondars, Iparraldeko kontserbatorioko kidearekin.

Dokumentuaren akzioak