Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Arteagarrak, ospakizun soinekoz jantzita

Dokumentuaren akzioak

Arteagarrak, ospakizun soinekoz jantzita

San Polikarpo egunez, herriko jai nagusiak ospatzen ari dira, gaur [urtarrilak 26], Gautegiz Arteagan. Meza santua, euskal dantzen ikuskizuna eta kalejira egin dituzte eguerdian. Arratsaldean eta asteburuan ere, zer egin eta zertaz gozatu ez da faltako jaietan.
Egilea
Alex Uriarte Atxikallende
Komunikabidea
Busturialdeko Hitza
Tokia
Arteaga
Mota
Albistea
Data
2024/01/26
Lotura
Busturialdeko Hitza

Artie Dantza Taldeko partaideak, gaur eguerdiko saioan.

Arteagarrak jai giroan murgilduta daude: udalerriko ospakizun nagusienetako batez gozatzen ari dira, San Polikarpo jaiez. Gaurtik [urtarrilak 26] domekara [urtarrilak 28]  bitartean, herritar guztiei zuzendutako jai egitaraua prestatu dute elkarlanean udalak eta herriko eragileek. Gaur, San Polikarpo egunez, herriko zaindariaren omenezko eguna goi-goitik ospatzen ari dira herritarrak. Mezagaz hasi dituzte ospakizunak, 12:00etan. Jarraian, txupinazoak iragarri du jaien hasiera. Ondoren, arteagarrak elizaren aurrealdean elkartu dira, herriko umeez osatuta dagoen Artie Dantza Taldearen euskal dantza ikuskizunaz gozatzeko. Urrutia anaien trikiti eta pandero soinuaz lagunduta, denetariko dantzekin alaitu dute eguerdia dantzariek, bertaratutako guztien txaloak eta irribarreak bereganatuz.

ARGAZKIAK

Ondoren, elizpean elkartu dira herritarrak, eta bertan kopauaz gozatu dute. Jan-edana, aspaldiko ezagunak agurtzea, elkarri kontuak kontatzea, musikaz disfrutatzea… denetarik eduki du mokadurako tarte horrek. Hurreratu diren guztiek begi oso onez hartu dute tartetxo hori eta, jarraian, herriko kale nahiz tabernetara abiatu dira. Izan ere, musikariak lagun dituztela, kalejira egin dute han-hemen, kaleetan gora eta behera. Poteoa izan da, ostean, plaza inguruko protagonista nagusia.

Arratsaldean, umeen, Euskal Ligako emakumezkoen eta gizonezkoen lau t’erdikoen esku pilota partiduak jokatuko dituzte

 

Arratsaldean, udal pilotalekuko kantxa eta harmailak izango dira jaien habitat. Hain zuzen ere, Lea Ibarra Motrollo Pelota Elkartearen ekimenez, esku pilota jaialdia egingo dute. Umeak izango dira kantxaratzen lehendabizikoak: ostean, Euskal Ligako emakumezkoek jokatuko dute. Olatz Arrizabalagak eta Enara Gamindek osatutako bikoteak indarrak aurrez aurre edukiko du Amaia Aldaik eta Arrate Bergarak eratutakoa. Jaialdiko azkenengo norgehiagokak, gizonezkoen lau t’erdikoak, Joanes Bakaikoa eta Beñat Senar Asier Agirreren eta Unai Alberdi Alberdi II.a-ren aurka ariko dira. Sarrerak herriko Egala tabernan edota Herriko Tabernan daude salgai, 10 eurotan. Amaitzeko, DJ Xaiborrek burutuko du jaietako lehenengo eguna.

BIDEOA

Bihar eta etzi ere, jaien erritmoak ez du behera egingo. Izan ere, aurtengo berritasun azpimarragarriena, estreinakoz egiten ari diren Pala Txapelketa, bere azken txanpara ailegatuko da: finalak jokatuko dituzte zapatuan. Pilota Klubaren sorreraren ondorioz egin dute lehiaketa, eta geratzeko heldu dela adierazi dute udal arduradunek gaurkoan; gomazko palako eta pala motzeko finalak lehiatuko dituzte. Horrez gain, 17:30ean, Goazen jolastera ikuskizuna ere egongo da, eta 19:30ean, ostera, frontoiak Gora bihotzak antzerki musikatua hartuko du. Domekako egitarauari dagokionez, 10:30ean, Gazteluzar txokotik abiatuta, San Polikarpo Herri Lasterketan parte hartzeko aukera paregabea edukiko dute herritarrek, kirola eta ospakizuna uztartuz.

EGITARAUA:

BARIKUA (URTARRILAK 26)

  • 17:45. Esku pilota jaialdia
    • Umeak: Urtaza-Peña vs. Barrena-Iglesias / Leiza-Etxano vs. Gantxegi-Dudagoitia
    • Euskal Liga: Arrizabalaga-Gaminde vs. Aldai-Bergara
    • Bakaikoa-Senar vs. Agirre-Alberdi II
      (aurresalmenta Egala eta Artea tabernetan, 10 eurotan).
  • 20:30. Xaiborren disko festa.

ZAPATUA (URTARRILAK 27)

  • 11:00. I. San Polikarpo Pala Txapelketaren finalak.
  • 17:30. Goazen jolastera.
  • 19:30. Gora Bihotzak antzerki musikala, frontoian.

DOMEKA (URTARRILAK 28)

  • 10:30. San Polikarpo Herri Lasterketa, Gazteluzar txokoan hasita.

 

 

Dokumentuaren akzioak