Dokumentuaren akzioak
Arte eszenikoetako 59 ikuskizun eskainiko ditu Donostia Kulturak urtarrila eta ekaina bitartean
Viktoria Eugenia eta Antzoki Zaharra dira zalantzarik gabe hiriko eszenatoki nagusiak, eta bertan antolatzen ditu Donostia Kulturak bere programazioko jarduera garrantzitsuak. Oraindik urtea bukatu ez den arren, datorren urteari begira dago jada Donostia Kultura, eta 2014ko urtarrila eta ekaina bitarteko arte eszenikoen programazioa aurkeztu dute, gaur goizean. Bertan izan dira Nerea Txapartegi udaleko Kultura ordezkaria, Norka Chiapuso Donostia Kulturako Antzerki eta Dantza arduraduna eta Miguel Martin Donostia Kulturako Musika arduraduna. “Programazio sendoa prestatu dugu musika, dantza eta antzerkiari dagokionean. Askotariko estiloak izango ditugu, eta guztira, 59 ikuskizun eskainiko ditugu. Emanaldiak, noski, gehiago izango dira, 80 baino gehiago”, azaldu du Txapartegik.
Antzerkiari dagokionean, honakoak azpimarratu daitezke: Koka-kola eta Barea ikusteko bigarren aukera bat izango dute lehen sarrerarik gabe geratu zirenek; Tanttaka konpainiak Zazpi aldiz elur lagunarteko topaketa eskainiko du; eta haurrentzako Kibubu lanaren estreinaldia izango da. Noski, urtero legez, 2013an Donostian taularatutako antzerki obrarik onena sarituko dute martxoaren 27an.
Dantza ikuskizunetan, Dantzaz konpainiak Atalak XX eskainiko du; eta Kresalak, berriz, Oteizaren kaxa beltza. Biak ere estreinaldiak izango dira. Dantzaren Nazioarteko Egunaren harira, jarduera bereziak ere egongo dira, urtero legez, eta apirilaren 27an gala egingo dute.
Musikan ere, noski, ez dira bertako sortzaileez ahaztu, baina kanpokoei ere tartea egingo diete. Juantxo Zeberiok Eguberri Umama eskainiko du, hainbat musikariren laguntzarekin; Euskal Herriko Gazte Orkestrak ere ez du hutsik egingo; Jainko txiki eta jostalari hura ikuskizunak, berriz, Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal eta Mikel Valverde batuko ditu; Pedro Guerrak 30 años diskoa aurkeztuko du, eta Mikel Azpiroz pianista donostiarrak Gaua diskoa aurkeztuko du, jazzaldian izandako arrakastaren ondoren.
Krisia eta BEZaren igoera gertatuta ere, herritar guztien poltsikora egokitutako prezioak jarriko dituztela azpimarratu dute antolatzaileek. Ikuskizun batzuen %50 deskontua izango dute urtarrilaren 22a arte; Donostia Kulturako bazkideek, langabetuek, 30 urtetik beherako gazteek eta 65 urtetik gorako lagunek eta pentsiodunek, berriz, %10 deskontua izango dute eta ikuskizun batzuetan %25 eta %50 deskontuak ere izango dituzte.
Dokumentuaren akzioak