Diziplina eszeniko desberdinetako artista eta konpainiei zuzenduta, Bilboko Udalak arte eszenikoen oinarrizko kudeaketari buruzko ikastaroa jarriko du abian. Ikastaroaren helburua da “parte-hartzaileei proiektu eszenikoen administrazioari eta legezkotasunari buruzko oinarrizko ezagutzak ematea, jarduera ekonomikoaren egunerokotasuna kaudimenez eta araudiak betez egin ahal izateko.” Izen-ematea maiatzaren 26ra arte zabalik dago, eta ikastaroa ekainaren 8an, 15ean, 21ean eta 29an egingo da Bilboko La Bolsa Udaltegian.
Honetan, oinarrizko kontzeptu fiskalak (BEZa, atxikipenak, oinarrizko zergak), dokumentu-ereduak (faktura, ordainagiria, kontratua) eta beharrezko tresna teknologikoak (egoitza elektronikoa, oinarrizko Excel) landuko dira bereziki. Saioak gaztelaniaz emango dira, tonu hurbilean eta argian, kudeaketaren munduan esperientziarik ez duten pertsonei oinarrizko kontzeptuak transmititzeko.
Jemima Cano kultura-ekoizle eta ekintzaile adituak emango du ikastaro hori. Berak antzerkia, dantza, bideoa, musika, jaialdiak eta enpresako ekitaldiak ekoitzi ditu, eta diziplina guztietako artistei eta kultura-erakundeei eman die aholkularitza kudeaketan.