Dokumentuaren akzioak
Arte eszeniko eta kultura kreatiborako zentro erraldoia izango da Lekuona
Ikerne Badiola Foru Aldundiko Kultur Diputatuak adierazi duenez, 2013ko lehen seihilekoan hasiko dira obrak, eta zentroa 2015erako bukatuta egongo da. Julen Mendoza Errenteriako alkateak garrantzia berezia eman dio herriko sortzaileen parte hartzeari “Haien eskuetan egongo baita proiektua”, eta Errenteria herri industrial izatetik sormen eta kultur herri izateko bidean dela azaldu du. “Errenteria 2025 Plan Estrategikoaren baitan, diseinatu behar dugu etorkizuneko Errenteria, eta Lekuona eraikina izango da pieza garrantzitsu bat beste hainbatekin osatzen joan beharko dena”. Helburua “Errenteriaren bizitasuna eta balio sortzaile ikaragarria gure herriaren zeinu eta motore bihurtzea da, maila guztietan, kulturalean, artistikoan, baina baita ekimen ekonomikoari dagokionean ere”.
Kazetari, irrati eta telebista ugari bertaratu dira, aurkezpenak sortu duen ikusmiraren adierazgarri. Errenteriako Udalak 826.000 €-ko inbertsioa egingo du, horren zati handi bat Foru Aldundiak finantzatuko duelarik. Bestalde, herriko liburutegiarentzat kokapen berria adosten ari dira, eta aurreratu dute Niessen Kulturgunean dagoen espazio handi batean koka daitekeela, nahiz aukera gehiagotara ere irekita egon.
Orain, prozesu zabal eta aktiboa jarriko da abian sortzaileekin batera gunearen kudeaketa eredua adostu, eta espazioa kolorez eta ekimenez betetzeko.
Dokumentuaren akzioak