Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Arrola, mahatsaren begian

Dokumentuaren akzioak

Arrola, mahatsaren begian

'Mihimena' ikusgarriak zabalduko du aurtengo Baigorriko Kulturaldia, apirilaren 12 eta 13an

Egilea
Xan Aire
Komunikabidea
Berria
Tokia
Baiona
Mota
Albistea
Data
2008/02/02

Mihimena ikusgarria emango du Arrola taldeak, heldu den apirilaren 12 eta 13an, Baigorriko Kulturaldia zabaltzeko. «Ikusgarri horren bidez, gure herriko mahastia eta euskal dantzaren kultura erakutsi nahi ditugu», azaldu du Jean-Marie Crouspeyrek, Arrolako kideak. «Bi ohituren arteko loturak erakutsiko ditugu». Mihimena izenburutik hasiz. «Lehengo mahastizainek, beren mihia baliatuz lotzen zituzten mahats zangoak zutoinei. Ikusgarriaren izena hortik heldu da». Mahastiaren eta dantzaren arteko korapiloa. Eta Arrola, mahatsaren begian.

 

MAHASTIETAKO HIZTEGIA.Dantzak, kantuak, bertsoak ere elkarrekin nahasiko dira ikusgarrian. Bideoak lagundurik, Aldudarrak Bideo elkarteak ere bere harria ezarri baitu eraikuntza berrian. «Lekukotasunekin, argazkiekin, mahastietako lanekin eta antzerki laburrekin josiak izanen dira bideo horiek», jakinarazi du Crouspeyrek. Hiru bideo zatiek mahastiaren kultura ezagutaraziko dute. «Lehengo mahastietako lana, lehengo tresnak, hainbat soinuren grabazioak, lekukotasunak eta mahatsaren denboraldien argazkiak ikusten ahalko dira».

Proiektu berezi batzuen gauzatzeko aukera ere emango du Mihimena-k. «Mahastietako euskarazko hiztegia berreskuratzeko helburua dugu», nabarmendu du Crouspeyrek. «Hiztegi labur hori bi emanalditan banatuko dugu». Bestalde, bi dantza kantatuak izanen dira. «Antxoriz eta Dantza Kordaren doinuei bertsuak idatzi dituzte Bixente Hirigaraik eta Gexan Alfarok».

Lanari lotu dira, beraz, Arrola dantza taldekoak. Sartzeak dagoeneko salgai daude, prezio sail bat pentsatu baitu Basaizea elkarteak, Kulturaldiaren antolatzaileak. Otsailean, 12 euroan da sartzea; martxoan, 15 euroan, eta apirilean, 17 euroan. «Lehenago erosi eta, hobe. Gainera, leku batzuk besteak baino hobeak izanen dira». 89 lagunek eskainiko dute Mihimena. Baigorriko peplum-a abian da.

Dokumentuaren akzioak