Dokumentuaren akzioak
Arriaga dantzan hasiko da 'Kaash' ikuskizunarekin
Ekitaldia bihar izango da eta sarrerak 8,50 eta 25 euro artean daude salgai
Akram Khan Company dantza taldeak 'Kaash' izenburuko ikuskizuna aurkeztuko du bihar Arriaga Antzokian. Sarrerak, 8,50 eta 25 euro artean, teatroarriaga.com webgunean, 946 850 850 telefonoan eta antzokiko txarteldegietan erosi daitezke, aurretiazko salmenta ordutegian.
Londreseko koreografoa gaur egungo artista ospetsu eta errespetatuenetakoa da. 'Desh', 'iTMOi', 'Vertical Road', 'Gnosis' edo 'Zero degrees' moduko ikuskizunak sortu ditu, eta 2012ko Londreseko Olinpiar Jokoen irekiera ekitaldiko atal bat prestatzeko ardura izan zuen.
Orain, Akram Khan Company taldeak hindieraz 'balego' esan nahi duen 'Kaash' ikuskizuna eskainiko du. Indiako Ganesh, Krishna eta Shiva jainkoen ebokazioa erakusten duen dantza ikuskizuna da. Jainko horietako bakoitza antzinako ezaugarri sinbolikoen eta erritmikoen babeslea da. Lan koreografiko horren eraikuntza modu estuan dago lotuta Indiako musikaren ziklo musikal tradizionalekin, eta sorkuntza eta deuseztapena dira bost dantzari izango dituen lanaren abiapuntuak.
'Kaash' lana egiteko, Akram Khan koreografoa bi artista ezagunekin elkartu zen: Nitin Sawhney konposatzailearekin eta Anish Kapoor eskulturagilearekin. Nitin Sawhney une honetako konposatzaile aktibo, moldakor eta ospetsuenetakoa da, 50 soinu banda baino gehiagoren egilea. Horrez gain, estudioko bederatzi disko grabatu ditu eta Paul McCartney, Sting edo Jeff Beck bezalako artistekin aritu da, besteak beste.
Bestalde, 1954an Bonbain jaio zen eta gaur egun Londresen bizi eta lan egiten duen Anish Kapoor bere belaunaldiko eskulturagile eraginkorrenetakoa da, eta bere lanetako batzuk Guggenheim Bilbao Museoan ikus daitezke.
Dokumentuaren akzioak