Dokumentuaren akzioak
Arkaitz Bengoa: "Dantza oso gustura egiten dugu, baina, kapitaina zarenean, dena ondo irteteko ardura daukazu"
Noiz hasi zinen dantzan?
6
urterekin hasi nintzen dantzan. Gero, 16 urterekin utzi, eta, bi urte
geroago, 18 urterekin berriz ere hasi nintzen dantza egiten.
Zer ematen dizu dantzak?
Dantza egitea asko
gustatzen zait eta, gainera, estilo asko ikasten ditugu. Euskal dantza
desberdin asko daude eta horietako asko egiten ditugu. Horretaz aparte,
dantza taldean giro ona dugu, elkarrekin ordu asko pasatzen ditugu eta
lagun on asko egin ditut.
Beraz, bigarren familia bat duzu.
Bai. Urte asko dira eta lagun talde bilakatu gara; entsegu eta emanaldiez aparte, elkarrekin gauza asko egiten ditugu.
Txikitatik dantzan hasteak lagundu egiten du?
Bai.
Diferentzia handia dago; ikasteko orduan, txikitatik ikasi duenak
pausoak azkarrago ikasten ditu. Normalean, dantza taldean gaudenok
txikitatik ikasi dugu dantzan. Ez da oso ohikoa 18-20 urterekin dantzan
hastea.
16 urterekin utzi eta 18rekin berriz ere dantzan hasi zinen. Gogo handiagoarekin hartu zenuen?
Berriz
ere dantzan hasi nintzenean oso desberdina izan zen: jende nagusiarekin
hasi nintzen dantzan eta euren mailara iristea zaila izango zela uste
nuen. Nagusien taldean esperientzia handia duten dantzari asko daude eta
irakasteko abilezia dute.
Aurtengoa Oñatz taldearendako urte berezia da, ezta?
Bai.
Aurten 40. urteurrena ospatu dugu, orain dela bi aste bazkaria egin
genuen. Giro polita egon zen, herriko belaunaldi asko elkartu ginen eta
dantza egiten ospatu genuen. Errepikatzeko moduko eguna izan zen.
Urtean zenbat emanaldi egiten dituzue?
Urtero,
egun jakin batzuetan dantza egiten dugu: Aratusteak, Corpusa, bailarako
Dantzari Eguna… Eta gero, urtean zehar emanaldiak lortzen saiatzen gara.
Urte batzuetan asko lortzen ditugu eta beste batzuetan, berriz,
zailagoa izaten da. Aurreko urtean Zurichera joan ginen.
Zer-nolako esperientzia izan zen?
Esperientzia oso polita da. Gu dantza erakustera joan ginen, gogo handiarekin joaten zara eta asko disfrutatzen da.
Aurten Corpusean kapitainorde izan zara, baina kapitainaren funtzioak bete dituzu. Nolako esperientzia izan zen?
Esperientzia
oso polita izan da. Ardura handiko postua da, oñatiarrentzat egun
garrantzitsua baita. Dantza egiten dugun guztiok oso gustura egiten
dugu, baina, kapitaina zarenean, dena ondo irteteko ardura daukazu.
Dantza irakaslea zara. Zer-nolako esperientzia da?
Oso ona. Azken bost urteetan talde berarekin lanean egon naiz. 10 urterekin hartu nituen eta dagoeneko nagusiak dira.
Domekan Haur Dantzariaren Eguna ospatuko duzue.
Egun
handia da. Herri desberdinetako taldeak gonbidatzen ditugu, guztira, 12
bat, eta egun osoa dantzan pasatzen dute. Goizean herriko kaleetan eta
arratsaldean plazan.
Egun polita izango da.
Bai, urte osoan herri
desberdinetako haur dantzariaren egunetan ibiltzen gara eta etxekoa
berezia izaten da. Dantzaldira familia eta lagunak etortzen dira eta
motibazio handiarekin dantza egiten dute.
Eguna antolatzeko lanetan ari zara?
Ume talde baten arduraduna naiz eta beste askok baino lan gutxiago egitea tokatu zait.
Zer-nolako lanak dira egunean egin beharrekoak.
Talde
guztiak kudeatu behar dira, ume asko datoz eta guztientzako bazkatzeko
lekua topatu behar da. Horretaz aparte, arratsaldeko saioa bukatzerakoan
dena batu beharra dago.

Dokumentuaren akzioak