Dokumentuaren akzioak
Arkaitz Añorgako Dantzariak taldeak emanaldia eskainiko du bihar, Añorgako frontoian
Arkaitz Añorgako Dantzariak taldeak emanaldia eskainiko du bihar, martxoaren 18an, Añorgako frontoian, 19:00etan. Aukera paregabea izango dute añorgatarrek eta Donostiako bizilagunek dantzan aritzeko eta dantza tradizionalez gozatzeko. Emanaldia Añorgako Kultur eta Kirol elkartearekin elkarlanean antolatu du elkarteak.
Dantzariek hainbat dantza plazaratuko dituzte; hala nola, Ezpata dantza, Agurra, San Juan, Ormatxulo, Betronio Handia, Sagar Dantza, Erregelak, Launakoa, Binakoa, Oñatiko Dantzak, Lapurdiko Makil txikia, Xuberoa eta Polkak.
1926tik dantzan
1926an Cementos Rezola fabrikak Añorgako gazteak trebatzeko kontratatu zuenetik etenik gabe aritu dira dantzan. Gaur egun, Arkaitz Añorgako Dantzariak taldea haurrentzako dantza eskolak eta helduen taldeak osatzen dute, Añorgako Kultur eta Kirol Elkartearen barruan. Hala, Añorgan eta Donostiako beste hainbat auzoetan egiten diren festa eta ekitaldietan aritzen dira dantzan.
Dokumentuaren akzioak