Dokumentuaren akzioak
ARINEKETAN: «Diskoa etengabeko joan-etorri historikoa da»
«Dantza doinuen inguruakoa izan zen lehenengo diskoa eta hau abestien ingurukoa da; diskoaren ardatza ahotsak izango zirela argi genuen» esan digu Iñar Sastrek, Jagoba Astiazaranekin egin duen 'Zaharrak Berri' diskoa aurkezteko. Arineketan proiektua osatzen dute txistulariak eta piano-joleak, eta zaharrak berritzen edo berriak zahartzen aritu dira diskoa osatzeko.
«Hainbeste itzulinguru eta zertara datoz berriro Iñar eta Jagoba doinu honekin?» dio Jose Ignazio Ansorenak diskoarekin aurkeztu duten liburuxkan. Eta horixe pentsa lezake entzuleak, ezagun egiten zaizkion kantak eraberrituta entzutean. «Etengabeko joan-etorri historikoa da» kontatu digute. Modu horretan euskal ondarea berreskuratuz, bigarren bizitza bat eman nahi izan diete galtzear dauden kantei. Nortasun handiko 13 pieza egin dituzte, zaharra zena patroi berriekin eraldatuz.
«Nemesio Etxanizen 'Anttoni eta Antton' piezak merezi zuen bigarren aukera bat; Anttoni eta Anttonen arteko maitasun istorioa nola izango litzateke gaur egun?» galdera horri erantzunez, 'Andoni eta Antton' abestia sortu dute, Beñat Gaztelumendiren hitzekin.
Bestelako kolaborazioak ere izan dituzte: Odei Barroso, Olaia Inziarte, IDOIA, Ainara Ortega, Mikel Urdangarin, Ansa Ahizpak, Eñaut Agirre...
Bi abesti eskaini dizkigute Bigarren Kafean.
Dokumentuaren akzioak