Iñar Sastre piano-joleak eta Jagoba Astiazaran txistulariak abiatutako proiektua da Arineketan. "Orain dela urtebete grabatu genuen izen bereko diskoa, eta irailean hasi ginen jendaurrean aurkezten. Ikuskizuna osatuagoa izateko asmoarekin kide berriak batu ditugu: Ainara Ortega abeslaria, Xabier Zeberio biolin-jolea, Agate Amilibia txelo-jolea eta Haatik datza konpainiako Anne Jauregi eta Jon Arsuaga", dio Astiazaranek.
Pieza zaharren moldaketak
Orain dela 200 urte Joan Ignazio Iztueta idazlea eta historialariak jasotako hainbat doinu eta erritmo berreskuratu dituzte errepertorioa osatzeko. "Kanta zahar horietatik abiatuta, pieza berriak sortu ditugu; hortaz, euskal dantzekin uztartuta, erritmo latinoak, pop eta jazz estiloko doinuak... eskainiko ditugu. Ez da lan historizista bat, ezta ikuskizun tradizional bat ere".
Orain arte eskainitako emanaldiek publikoaren harrera ona izan dute. "Publikoak ez du aurrez espero txistua eta pianoa oinarri duen halako kontzerturi, eta, bereziki, publiko gaztearen harrera itzela izan da".