Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ari du emanaldia, DVDan nahiz zuzenean

Dokumentuaren akzioak

Ari du emanaldia, DVDan nahiz zuzenean

Komunikabidea
Aiurri Aldizkaria
Tokia
Villabona
Mota
Albistea
Data
2011/12/01
Lotura
Aiurri Aldizkaria
Ekintza ugarirekin iritsiko da abenduan Dantza astea. Kontaiguzu…
Azken urteotan bezala, aurten ere, Dantza astea azaroan antolatzeko asmoa genuen hasiera batean. Hala ere, hauteskundeak zirela eta, atzeratu egin behar izan dugu. Urte amaieran, dantzarekin lotura duten ekintzak antolatzea ohitura bihurtu da dagoeneko.

Egitarauko ekintza guztien artean zein nabarmenduko zenuke?
Dudarik gabe, ‘Ari du’ emanaldiarekin osatu dugun DVDaren aurkezpena eta ‘Ari du’ emanaldiaren zuzeneko estreinaldia herrian.

Zer bildu duzue ‘Ari du’ DVD berriaren baitan?
Urriaren 11n Zarautzen eskaini genuen emanaldiaren grabazioa da, datozen egunetan, Baga-Biga zigilupean Donostian nahiz Durangoko Azokan aurkeztuko duguna. DVDan ‘Ari du’ ikuskizun osoarekin batera, beste hainbat sail bildu dugu: besteak beste, oso polita geratu da ‘Oinkari elkarlanean’ atala. Bertan, Oinkari dantza taldearen ibilbidean parte hartu duten hamahiru lagunen adierazpenak biltzen dira: Besteak beste, Agurtzane Intxaurraga, Igor Yebra edota Peter Ansorenarenak. Zarauzko emanaldia Aeroclick enpresak grabatu zuen eta Oinkariko kideok ere parte hartu dugu DVDaren edizio lanetan. Luzea eta intentsua izan bada ere, era berean, oso esperientzia polita izan da. Beti hobetu daiteke zer edo zer, baina egia esan, oso gustura geratu gara emaitzarekin. Ikusi egin behar orain zer nolako harrera izaten duen jendearengan. DVDaren 1000 aleko tirada kaleratuko dugu eta datozen egunetan aurkeztuko dugu lana. Aurrerantzean liburu-denda eta bestelako saltokietan izango da eskuragarri. Villabona mailan, herriko okindegietan eskainiko dugu DVDa.

Zer gaineratuko zenuke ‘Ari du’ ikuskizunaren zuzenekoaz?
‘Ari du’ ikuskizunaren lau saio eskaini ditugu dagoeneko. Herrian bertan, Olaederra kiroldegian izango da bosgarrena abenduaren 17an. Dantza taldeko kideontzat oso momentu berezia izango da emanaldia herrian bertan aurkeztea.

Bestalde, dantzarekin batera, musikaren aldeko apustu sendoa egin duzue aurtengo Dantza astean…
Gure ohiko egitaraua zertxobait zabaldu eta dantza eta musika uztartzen saiatu gara. Batetik, abenduaren 14an Euskal Herriko Rock musikaren ikastaroa eskainiko dute Esne Beltzako Xabi Solanok eta Zigor DJak nahiz Baga-Bigako Ritxi Aizpuruk, Gurean. Biharamunean, abenduaren 15ean, leku berean Oiartzungo arozenatar anaien emanaldia izango da. Instrumentu nagusia txistua delarik, gitarra eta perkusioarekin batera umorezko kontzertua eskainiko dute. Bi ekintza horiek doakoak izango dira. Abenduaren 16an, berriz, Kherau folk talde bizkaitarrak eskainiko duen kontzerturako sarrera beharko da. Dantza taldearengan eragin handia izan duen taldea da, ‘Ari du’ emanaldiko koreografia bat beren doinuekin osatu dugu. Lehen diskoa iaz aurkeztu bazuten ere, indar handiz datoz eta oso musika ona egiten dute.

Eta zer diozu abenduaren 17ko bideo proiekzioaz?
Aurtengo Santio festetan eskaini genuen emanaldia aurkeztuko dugu Gurean. Emanaldi guztiak grabatzeko ohitura daukagu eta jendeak eskatu egiten zuenez, Dantza astearen baitan aurkeztea pentsatu dugu. Bideo hori salneurri sinbolikoan erosteko aukera izango da saioaren ondoren. Urtez urte errepikatuko den ekintza izango dela iruditzen zait.

Eguberrietan kantina
Aurten ere hainbat ekintza antolatuko du Oinkari dantza taldeak Eguberrien harira kiroldegiko Kantinan. Hiru egun indartsu izango direla jakinarazi du Eneko Arteagak:  Abenduaren 23an, epe laburrean webgunean zehaztuko dituzten kontzertuak. Abenduaren 30ean, ‘Gure txokoa oroituz jaia’: Afariaren ondoren, Andoni Irazustabarrena eta Imanol Eizmendi DJekin dantzaldia. Abenduaren 31n, Urtezaharreko kotiloia.

Oinkariren Dantza astea
Egitaraua. Abendua
  • 13, asteartea: ‘Ari du’ DVDaren aurkezpena. Gurean 19:30etan. Doan
  • 14, asteazkena: Euskal Herriko Rock musikaren ikastaroa. Gurean, 19:30etan. Doan.
  • 15, osteguna: ‘Arozenatarren ttunttuna’: txistu, gitarra eta perkusio emanaldia. Gurean, 19:30etan. Doan.
  • 16, ostirala: Kherau folk taldearen emanaldia. Gurean, 22:30etan. Sarrerak aurrez 5€, egunean 6€.
  • 17, larunbata: Santio festetako emanaldiaren bideo proiekzioa. Gurean, 17:00etan. Doan. // ‘Ari du’ ikuskizunaren aurkezpena Olaederran, 22:30etan. Sarrerak aurrez 6€, egunean 8€.

Dokumentuaren akzioak