Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Argiak 'Pas de Basque' emango du larunbatean, Donostian

Dokumentuaren akzioak

Argiak 'Pas de Basque' emango du larunbatean, Donostian

Ikuskizunak Bizkaiko, Nafarroako eta Zuberoako dantzak biltzen ditu

Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2003/12/17

Larunbatean, Pas de Basque ikusteko aukera berri bat izango da. Urbeltzek atzo Donostian adierazi zuenez, Pas de Basque pauso berri bat da bere ibilbidean. «Berrogei urtez dantza bere zentzu kolektiboan ikusten eta prestatzen pasatu eta gero, dantzari bakoitzaren grazia eta trebetasuna erakustea hautatu dugu obra honetan. Bakarkako dantza gehiago izango dira ikuskizunean. Pas de Basque-ren ardatza banakako dantza da».



Urbeltzek obraren izenburuaren zergatia azaldu zuen. «Pas de Basque urrats berezi bat izendatzeko erabilia da dantza klasikoaren munduan. Munduko edozein herritan Pas de Basque esaten dute. Hori dela eta, urratsa erabiltzen dutenei, 'egunero erabiltzen duzuen urrats hori gurea dela' gogorarazi nahi diet», aipatu zuen. Ikuskizuna hiru zatitan banatu daiteke. Lehenengo zatiak lehia du aipagai, Bizkaiko dantzen bitartez. Giza kateak eta almuteak oinarri dituzten dantzak dira, eta kaxa dantzarien urratsak neurtzen dituen unitatea da. Bigarrena Patuaren dantzen inguruan kokatzen da: zinta-dantza eta Nafarroako Ingurutxoa. Urbeltzek azpimarratu zuenez, «erdian bizia irudikatzen duen zuhaitza dago, eta dantzariak heriotzaz eta biziaz dihardute». Azken zatia, berriz, Zuberoako inauteriek osatzen dute. «Iraganetik abiatuz hiru zatiek etorkizuna atrebentziaz begiratzen dute».



Musikak garrantzia berezia



Orotara 40 dantzarik hartuko dute parte Pas de Basque ikuskizunean. Argia dantza konpainiako dantzariez gain, Añorgako Arkaitz, Elgoibarko Haritz eta Eibarko Kezka dantza taldeetako kideak ere ariko dira. Ez da hau halako elkarlan bat bultzatzen duten lehenengo aldia, 1998an Zortziko ikuskizunean antzeko lankidetza bat jarri baitzuten abian. Horiekin batera, dantza garaikidean diharduten hiru dantzari ere egongo dira ikuskizunean, Ana Remiroren gidaritzapean.



Hala ere, dantzariez gain musikariek berebiziko garrantzia dute Argia taldearen ikuskizunean. Urbeltzek nabarmentzen duenez, «Pas de Basque-k ez du ez hitzik, ez ipuinik. Soilik musikariak eta dantzariak dira». Biolina eta soinua izango dira entzungai egongo diren musika tresnak.

Dokumentuaren akzioak