Dokumentuaren akzioak
Argia Dantza Taldearen 'Axeri-boda' ikuskizunerako sarrerak salgai
Gaur bertan erosteko moduan ipiniko dituzte, Coliseoan, 20.00etatik aurrera
Domekan Argia Dantza Taldeak Iruñeko Gayarre antzokian eskainitako Axeri-boda ikuskizuna abenduaren 13an Coliseoan ikusteko aukera izango da, 19.00etan. Ikuskizunean parte hartzen duten 50 dantzari eta musikarien artean Klub Deportiboko Kezka dantza taldeko hainbat dantzarik dihardute eta sarrerak gaur bertan (abenduak 2) ipiniko dira salgai, 20.00etatik aurrera Coliseoko lehiatilan eta datozen egunetan ere ohiko bideei jarraituta erosteko moduan izango dira (Servikutxa, Telekutxa eta www.kutxa.netzerbitzuak erabilita), 10 eurotan. Juan Antonio Urbeltz-ek zuzendutako ikuskizuna Arriaga antzokian estreinatu zen otsailean, eta Donostiako Musika Hamabostaldian, Victoria Eugenian eskaini zen abuztuan. Harrezgero hainbat antzokitan ikusteko aukera izan da eta egun gutxi barru Eibarren izango dira dantzariak.
Ikuskizunari buruzko hitzaldia
Gainera, ikuskizunak jasotako dantzen eta bestelakoen inguruan gehiago sakondu nahi duenak horretarako aukera paregabea izango du abenduaren 11n, Axeri-bodaren inguruko hitzaldian: Argia dantzari taldeko Iñaki Arregik, Jexux Larreak eta Fernando Aristizabalek ikuskizunaren nondik norakoak eta Argia dantzari taldearen ibilbidea azalduko dituzte Portalean, 19.30etan.
Dokumentuaren akzioak