Dokumentuaren akzioak
Argentinatik etorritako euskal dantza zaletasuna
Asteburu huntan Hendaian ospatu den Euskal Bestetan dantza ikusgarriek toki berezi bat ukan dute. Horien artean, Akelarre elkarteak gonbidaturik, Argentinatik etorritako Beti Alai dantza taldearen parte hartzea nabarmentzekoa zen. Azkenean, eguraldi txarragatik, argentinar taldearen ikusgarria bertan behera utzi zuten.
Mar de Platakoa den taldeak dantza zaletasuna aspalditik zainetan eramaiten du. Taldeko partaide den Luis Maria Mujikak esplikatzen duenez, bertako euskal etxean dantzek toki handia dute. "Nire aitatxi Mar de Platako euskal etxeko sortzaileetariko bat zen. Dantza belaunaldien artean egiten den transmisioa da. Ez dugu hautatzen, naturalki gertatzen da", azaldu du.
Ostiralero, dantza taldea osatzen duten pertsonak errepikak egiteko elkartzen dira. Beti Alaik Euskal Herriko probintzia guzietako dantzak eszenatokira eramaiten dituzte: fandangoak, ezpata dantza eta jauziak, besteak beste.
Euskal Herrian gaindi
Ez da lehen aldia Beti Alai dantza taldeak Euskal Herria bisitatzen duela. Kideak esplikatu duenaren arabera, 1998an ere hemengo ekimenetan parte hartzeko parada izan zuten. "Guretzat plazer bat da. Ukan dugun harrera harrigarria izan da; jendeen berotasuna izugarria da", aipatu du Mujikak.
Beti Alai dantza taldea duela bi aste Euskal Herrira ailegatu da. Getxo, Zubieta eta Gorlizen ikusgarria eskaini ondoren, abuztuaren 7an Hendaiara iritsi zen. Joan den astean, Aizpurdi lizeoan egon ziren eta larunbatean 25 dantzariek Euskal Bestan parte hartu behar zuten.
Hendaian egindako ikusgarria beren bidaiaren azkena izanen da. "Etorkizunean ez dugu itzultzeko proiekturik, baina Euskal Herrira etortzeko gogoa ez dugu falta", aitortu du Luis Maria Mujikak.
Aste hauetan 25 argentinar dantzariek Euskal Herria bisitatu dute. ©euskalkultura.com/ EE
Dokumentuaren akzioak