20:00etan hasita, arbola jasoko dute lehendabizi Herriko Plazan. Udaleko ordezkari eta langileetako batzuk arituko dira zeregin horretan, baina laguntzaile izango dituzte hainbat herritar ere, soketatik tiraka, ez baita lan erraza izaten zuhaitz bat jasotzea eta, ahal den heinean, zuzen mantentzea.
Oinarin dantza taldeko kideen txanda izango da ostean, San Juan zortzikoa dantzatuko baitute arbolaren inguruan, eta baita soka dantza ere. Gaueko hamarretan, berriz, sua piztuko dute plazan.
Iritsitakoei ongietorria
Horrez gainera, ongietorria egingo zaie atzerritik iritsitako herritarrei ere bihar, ospakizunen aldi berean. Antzuolako Udalak 37 laguni bidali die gutuna parte hartzeko gonbidapenarekin, baina, gaur-gaurkoz, ez da jakinekoa zenbatek hartuko duten parte.
Olatz Lezeta alkatea arduratuko da hitz batzuk esateaz, eta, amaitzeko, Oinarineko dantzariek agurra dantzatuko diete parte hartzen dutenei, Herriko Plazan.