Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Aratusteetan murgiltzeko prest daude dagoeneko oñatiarrak

Dokumentuaren akzioak

Aratusteetan murgiltzeko prest daude dagoeneko oñatiarrak

180 dantzari, 50 pertsonaia inguru eta 30 musikari ariko dira bihar –zapatua– kalez kale Oñatiko Inauterietan; Olakuatik beharrean, Olaitturritik abiatuko dira aurten, 11:00etan, eta ibilbidean zehar geldialdiak egingo dituzte, zenbait antzerki saio egiteko.
Egilea
Eneko Azurmendi
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Oñati
Mota
Albistea
Data
2018/02/09
Lotura
Goiena

Seigarren edizioa izango dute aurten Oñatiko Inauteriek, eta berrikuntza nagusia irteera puntuan eta ibilbidean egongo da. "Aurten, gidoiari eta Inauteri formatuari aldaketa bat eman nahi izan diogu. Oñatiko historia, kultura eta ofizio ezberdinetara hurbiltzeko, ikusi genuen egokiagoa zela beste leku batzuetatik pasatzea. Beraz, Olaitturrin hasiko gara", azaldu du Arkaitz Bengoak, Oñatiko Inauterietako lantaldeko kideak.

Antzerkiari ere "beste ikuspuntu bat" eman nahi izan diote, ibilbidera egokitutakoa, eta pertsonaia berriak egongo direla aurreratu du Bengoak. Bestalde, iazko berrikuntza izan zen txokolatea protagonistetako bat izango da aurten ere.

Dantzei dagokienez, azken urteetan egin dituztenak izango dira. Guztira, 260 lagun inguru batuko dira eta guztiek Etxe Aundi jatetxean bazkalduko dute. Arratsaldeko kalejira 17:30ean hasiko da, Olakuan, eta amaiera ekitaldia plazan izango da, 20:00etan.

Domekan, berriz, Oñatz dantza taldeko kideek Luzaideko dantzak eskainiko dituzte herriko kaleetan, 18:30ean hasita. Aita Madina taldeko txistulariek eta Jose de Azpiazu Musika Eskolako Akordeoi ikasleek ere hartuko dute parte kalejiran.

Ikastetxeak

Ikastetxeek ere ospatuko dituzte Aratusteak. Txantxiku Ikastolako ikasleak –HH eta LH– kalejiran ibiliko dira kalez kale, 15:00etan hasita. Gero, Gauargi taldearen emanaldia egongo da. Beste bi ikastetxeek martitzenean ospatuko dituzte. Urgain eskolak 11:00etan egingo du ekitaldia, eskolako patioan. Ikasgela bakoitzak emanaldi bat eskainiko du. Elkar Hezin, berriz, zirkua irudikatuko dute. Hala, 10:30ean hasi eta 12:15ak arte kalez kale arituko dira malabaristak, pailazoak, trapezistak, eta abar.

Txokolate-jan solidarioa

Martitzenean, Mozorrotzen ikuskizuna eskainiko dute Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoek Zubikoan, 17:00etan –sarrera bi euro–. Gero, 18:00etan, txokolate-jan solidarioa egongo da plazan, Elizbarrutiko Misio Taldeak antolatuta. Bildutako dirua Togo hiriko –Mali– Saint Paul Ikastetxeko ikasleei jaten emateko erabiliko da. Gero, txorimaloak eta disko festa egongo dira.

JoxeRamones

Antixenean gaur ekingo diete Inauteriei, JoxeRamones-en kontzertuarekin; 22:00etan, doan. Mozorrotuta joateko gonbita egin dute gaztetxeko kideek.

 

Aratusteetan murgiltzeko prest daude dagoeneko oñatiarrak

Oñatiko Inauterietako dantzariak, Olakua auzotik kalerako bidean, iaz. Argazkia: Maite Irizar - Dantzan CC BY-SA

Dokumentuaren akzioak