Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Arabako dantza txapelketa irabazi dute Bizkargiko Laura Bastida eta Ekain Uzkudun dantzariek

Dokumentuaren akzioak

Arabako dantza txapelketa irabazi dute Bizkargiko Laura Bastida eta Ekain Uzkudun dantzariek

Egilea
Bizkargi Musika Eskola
Komunikabidea
Maxixatzen
Mota
Albistea
Data
2021/05/01
Lotura
Maxixatzen
Arabako dantza solte txapelketa irabazi dute Bizkargi musika eta dantza eskolako Laura Bastidak eta Ekain Uzkudunek. (Argazkia: Bizkargi dantza eta musika eskola)

Arabako 28. Dantza Solteko Txapelketa jokatu da gaur eguerdian, Gasteizko Iradier Arenan. Azkoitiko Bizkargi musika eta dantza eskolako Laura Bastidak eta Ekain Uzkudunek osatutako bikotea izan da garailea.

Guztira, bost bikotek parte hartu dute gaur Gasteizko Iradier Arenan jokatu den Arabako 28. Dantza Solteko Txapelketan. Bikote horietatik bi Azkoitiko Bizkargi musika eta dantza eskolako dantzariak izan dira, eta horietako batek lortu du txapelketa irabaztea; hain zuzen ere, Laura Bastida eta Ekain Uzkudun dantzari azpeitiarrek osatutakoak. Bastidak eta Uzkudunek 390 euroko saria, garaikurra, txapela eta zapia eskuratu dituzte.

Txapelketan bigarren egin duen bikotea Maren Galvezek (Lezo, Gipuzkoa) eta Gorka Granadok (Sopela, Bizkaia) osatutakoa izan da. Hirugarren sailkatutakoak, berriz, Katerin Artola eta Iker Belintxon (Lezo) izan dira. Txapelketa Arabako Dantzarien Biltzarrak eta Arabako Foru Aldundiak antolatu dute, eta epaimahaikideak honakoak izan dira: Juanjo Lauzirika, Luis Santiago Garamendi, Estibaliz Asurmendi, Maribel Ortiz de Zarate eta Gorka Oraa.

Arabako dantza txapelketan parte hartu duen Bizkargiko beste dantzari bikotea Itziar Bastidak eta Anaitz Lizartzak osatutakoa izan da.

 

Dokumentuaren akzioak