Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka AppaMaurizia: errealitate birtuala eta euskal ondare kulturala, eskutik helduta

Dokumentuaren akzioak

AppaMaurizia: errealitate birtuala eta euskal ondare kulturala, eskutik helduta

Errealitate birtualeko AppaMaurizia proiektuak irabazi du Loraldiaren Sormen Digitala Beka. Teknologia berritzailea eta euskal folklorearen ondare kulturala uztartzea helburu ditu Ines Osinaga eta Lorea Argarate buru dituen #Mauriziakezdauinorhil kolektiboaren proiektu honek.
Komunikabidea
Naiz
Mota
Albistea
Data
2024/11/14
Lotura
Naiz
Ines Osinaga musikaria da #Mauriziakezdauinorhil kolektiboaren sustatzaileetako bat.
Ines Osinaga musikaria da #Mauriziakezdauinorhil kolektiboaren sustatzaileetako bat. (A. CANELLADA | FOKU)

 

AppaMaurizia, #Mauriziakezdauinorhil kolektiboak sortutako errealitate birtualeko proiektuak irabazi du Loraldia jaialdiaren Sormen Digitala Bekaren hirugarren edizioa. Maurizia Aldeiturriaga pandero-jotzailearen irudia banderatzat hartuta, proiektu honek teknologia berritzaileak eta euskal folklorearen ondare kulturala uztartu nahi ditu, atzo azaldu zutenez, erabiltzailearentzat esperientzia murgiltzaile bat sortzeko.

Beka hau euskarazko eduki berritzaileak sustatzeko eta euskal ondare kulturalean konprometitutako sortzaile digitalen talentua bultzatzeko sortu zen. Jaialdiak nabarmendu duenez, jaso dituzten «kalitate handiko 23 proposamen»-en artean hautatu dute AppaMaurizia proiektua.

«AppaMaurizia esperientzia birtualak erabiltzaileak euskal kulturaren eremuetara eramango ditu, musika, dantza eta kontakizunak barne hartuz», azaldu zuen Loraldia festibalak, eta egitasmoaren helburu nagusiak euskal kultura ondarea zabaltzea eta belaunaldi berriei transmititzea duela zehaztu zuen. Horretarako, musikari, dantzari eta kultura adituekin elkarlanean arituko da kolektiboa, eta proiektu amaitua 2026ko Loraldia festibalean aurkeztuko da Bilbon. Proiektua garatu ahal izateko 10.000 euroko laguntza jasoko dute. Proiektua oraindik hastapen fasean bada ere, #Mauriziakezdauinorhil kolektiboko kideek argi dute errealitate birtualeko esperientzia izango dela eta trikitia, txalaparta eta euskal dantza tradizionalak izango direla proiektuaren zutoinak. Hortik abiatuta, komunitatearen parte hartzea ere sustatu nahi dute, musikarien eta dantzarien ekarpenak jasoz, «esperientziaren benetakotasuna bermatzeko». Azkenik, proiektua «osorik euskaraz» garatuko dela ere ziurtatu zuten.

«AppaMaurizia proiektuak publikoari ikuspegi berritzailea eskainiko dio, euskal tradizioak teknologia aurreratuen bidez hurbilduz», adierazi zuen Loraldiak.

PODCASTETIK PLATAFORMA INTERAKTIBOETARA

Jasotako gainerako proposamenen inguruan ere aritu zen Loraldia. Orotara jaso dituzten 23 proposamenen artean denetariko proiektuak aurkeztu direla jakinarazi zuten, podcastetatik eta dokumentaletatik hasi eta errealitate birtualeko eta plataforma interaktiboetako proposamenetara.

«Parte hartzaileek euskal kulturaren inguruko diziplina digital eta ikuspegi sortzaile anitzak esploratu dituzte, formatu eta ikuspegi aberatsa erakutsiz. Jasotako proposamenek -jarraitu zuten- erakusten dute sortzaileen interesa eta konpromisoa euskarazko kultura berrikuntzarekin, eta agerian uzten dute euskal kultura digitalaren ondarea zaintzeko eta hedatzeko teknologiaren potentziala», txalotu zuten.

Dokumentuaren akzioak