Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Antzuola dantzan Inauteri-domekan

Dokumentuaren akzioak

Antzuola dantzan Inauteri-domekan

Martxoaren 2an ospatuko dute aurten Inauteri-domeka Antzuolan eta, ohikoa denez, herria dantzaz alaituko dute: 10:00etatik aurrera kalejiran ibiliko da sorgin dantzako taldea, soilik Antzuolan ikusi daitekeen tximinoa lagun duela, besteak beste.
Egilea
Goiatz Arana
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Antzuola
Mota
Albistea
Data
2014/02/20
Lotura
Goiena

Kultura sailetik jakitera eman dutenez, "Antzuolak Inauteriak ospatzeko ohitura eta gogoa betidanik izan ditu, entzutea dugunez". Ez dakite sorgin dantza noiz egin zen herrian lehenengo aldiz; 1922 inguruan dantzatu zuen dantza talde batek. Aldiz, badakite dantzari horiei 25-30 urte gehiago zeuzkan Nikomedes Letek irakatsi ziela dantza hori, beraz, hortik ondorioztatu daiteke 1885 inguruan jada dantzatzen zela Antzuolan sorgin dantza.

Garai hartan, goizean goiz atera eta baserriz baserri ibiltzen ziren txanpon edo sari bila. Gero, kalera itzuli, eta eguerdi aldera bazkaldu egiten zuten, arratsaldean jaiarekin jarraitzeko.

1990ean berreskuratu zuen dantza hori Oinarin dantza taldeak eta hurrengo urtean atera ziren hartza, tximinoa eta hezitzailea.

Tximinoa, Antzuolan bakarrik

Dantza horrekin batera, beste hiru pertsonaia berezi izaten ziren Inauterietan: hartza, tximinoa eta hezitzailea.

Hartza eta hezitzailea Euskal Herriko beste herri batzuetan ere ikusi daitezke egun, baina tximinoa ez da beste inon azaltzen, eta hemengo ikerlariek ez dute haren gaineko aztarnarik aurkitzen: "Esaten dute tximinoak sasoi bateko txerrena (deabrua) ordezkatu zuela gizaldi honen hasieran".

Kalerik kale

Gaur egun, dantzariak ez dira ateratzen eskean auzorik auzo Inauteri-domekan, baina herrian barrena ibiltzen dira, hori bai, jai giroa zabaltzen.

Aurtengo Aratuste-domekan ere sorgin dantza egingo duen taldeak hartza, tximinoa eta hezitzailea izango ditu lagun, Antzuolan. Baina beste dantza talde bat ere ibiliko da kalejiran; urtero, Inauteri giroko dantza ezberdinak egiten ditu talde horrek, eta aurten Luzaideko dantzak egingo ditu.

Biak elkarrekin

12:30ean dantza talde biak Herriko plazan elkartuko dira eta herritarren aurrean dantza egingo dute. Hauxe da programa:

  • Umeen saioa. Aurten dantzan hasi direnek orduan egingo dute estreineko emanaldia.
  • Luzaideko dantzak.
  • Sorgin dantza.

Sorgin dantza

Bergarako oihal edo hari langileak Lasarte-Oriara lanera joan zirenean harantz eroan zuten sorgin dantza. Dena dela, antzuolarrek eurena bezala daukate, eta halaxe dantzatzen dute: "Ikusita, gainera, noiztik dantzatu izan den Antzuolan eta dantza honekin batera beste hiru pertsonaiak ere beti elkarrekin izan direla….", diote.

Argitzeko dagoena da Inauterietan ateratzen den hartzak zerikusirik duen 1867an Laskurain baserri ondoan hil zuten hartzarekin. Dakitena da hartz hori izan zela Gipuzkoan hil zuten azkena.

1905 urteko sei arau

Eta bitxikeria moduan, 1905eko Antzuolako Udal Ordenantzak Inauterien gainean dioena ekarri dugu lerro hauetara:

  • 20. araua: Mozorrotuta kalean ibiltzea onartuko da. Hala ere, ezinezkoa da aurpegia estalita eroatea arratsaldeko otoitz kanpaiak jo ondoren (arratsaldeko 6ak?). Biatiko Santua aurretik pasatzen bada, aurpegiko kareta kendu egin beharko da.
  • 21. araua: Magistratura, apaiz, militar edo beste ofizial jantzirik imitatzea debekatuta dago.
  • 22. araua: Erlijioaren, Estatuko moralaren nahiz pertsonen aurka joan daitezkeen antzezpenak nahiz gaizki esanak debekatuta daude.
  • 23. araua: Ezinezkoa izango da armak eroatea.
  • 24. araua: Norbaitek faltaren bat egingo balu, daroan kareta agintariak esanda kenduko da.
  • 25. araua: Esandako arauen aurka joaten direnak agintarien aurrean eta eurak emandako erabakiekin epaituko dira.

 

Dokumentuaren akzioak