Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Antzoki kamuflatuak

Dokumentuaren akzioak

Antzoki kamuflatuak

Umore Azokak 40 kale-arte konpainiaren lanak eskainiko ditu maiatzaren 17tik 20ra bitarte, Leioan. Ehun emanaldi baino gehiago eta hamahiru erabateko estreinaldi izango dira
Egilea
Iñigo Astiz
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2018/04/27
Lotura
Berria
Hiria antzoki kamuflatu moduko bat besterik ez da kale artistentzat, eta Umore Azoka jaialdia da horren erakusgarririk argiena. Euskal Herrian kale arteei eskaintzen zaien jaialdi nagusietako bat da Leioakoa (Bizkaia), eta hemeretzigarren edizioa izango du aurten. Maiatzaren 17tik 20ra bitarte egingo dute aurten hitzordua, eta programa betea prestatu dute egun horietarako. 40 konpainia izango dira bertan; hamahiru erabateko estreinaldi ikusi ahal izango dira, eta 100 emanaldi baino gehiago izango ditu programak. Ana Lopez programazio arduradunak azaldu duenez, egitaraua prestatzeko eskaintzaren kalitatea eta programaren osotasuna hartu dituzte kontuan, baina, onartu duenez, hitzorduak balio du Euskal Herrian egiten diren kale arteen osasuna ezagutzeko ere. «Euskal Herriko 21 konpainia izango dira jaialdian, eta 23 pieza aurkeztuko dituzte. Beste lurralde batzuekin alderatuta, uste dut horrek erakusten duela Euskadiko kale antzerkia oso indartsu dagoela».

Antolatzaileen hitzetan, jaialdia «erreferentziazkoa» da sektoreko kideentzat, eta, zehaztu dutenez, prestatu duten egitaraua profesionalekin «alboz albo» egindako lanaren emaitza da. «Badakigu Umore Azoka ezinbesteko hitzordua dela Euskal Herriko kaleko arteen taldeentzat, eta, horregatik, hain zuzen ere, esfortzu handia egiten dugu hemen egiten diren sorkuntza lan gehienek Leioan erakusleihoa izan dezaten». Besteak beste, jaialdian izango dira, adibidez, Ganso & Cia, Hortzmuga Teatroa, Lasala, Markeliñe, Pez Limbo eta Tio Teronen Semeak. Gainera, euskal talde gehienek beren lanik berrienak eramango dituzte Leioara.

Jaialdiak nazioarteko konpainiak ere biltzen ditu, ordea, eta aurten, esate baterako, nabarmena da talde katalanen presentzia: Herrialde Katalanetako sei talde izango dira Umore Azokan, eta Txileko, Frantziako eta Herbehereetako lanak ere ikusi ahalko dira, besteak beste. Horrez gain, Leioako bertako hiru antzerki eta dantza konpainia ere programatu dituzte jaialdiaren atal lokalean.

Aurreratu dute oso programa berria izango dela. Erabateko estreinaldiez gainera, asko izango dira Euskal Herrian lehen aldiz ikusiko diren emanaldiak, eta, aurrez antzokietan estreinatu diren lan batzuk ere emango dituzte, orain kalean aurrenekoz. Lopez: «Aldez edo moldez, berritasuna izango da programazioaren %50 inguru».

Moldagarritasunaren ikur

525 proposamen artistiko jaso dituzte guztira, eta antolatzaileek proposamen horien artean egin dute azken hautaketa. Lopezek bi ezaugarri nagusi aipatu ditu egitaraua osatzeko irizpideen artean: kalitatea eta diziplinen arteko oreka. Horregatik, programak zirkua, dantza, antzerkia eta magia eskainiko ditu.

Jaialdiak iraun bitartean, hiri osoa antzoki bilakatzen da, eta, antolakuntzak kalean atonduko dituen hamabost antzezlekuez gain, izango dira kalerik kale ibiliko diren konpainiak ere. «Transforma daitekeen hiriko edozein txokoren bila aritzen gara urte osoan», onartu du Lopezek. «Umore Azokak kale arteen hiriburu bilakatuko du Leioa».

Kale arteek edozein espaziora egokitzeko duten moldagarritasun hori nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek aurtengo edizioan, eta horregatik hautatu dute kameleoi baten irudia kartelerako.

Jaialdi eta merkatu

Jaialdia erakusleiho ere bada konpainientzat, eta antolatzaileek azoka izaera hori azpimarratu dute. Izan ere, Leioako kaleak kontratuak egiteko gune ere bilakatzen dira konpainientzat. Zehaztu dutenez, jadanik 200 programatzaile inguruk eman dute izena azokan egoteko, eta arte eszenikoen hainbat elkartek ere baliatuko dituzte egun horiek beren biltzarrak eta solasaldiak egiteko.

Publiko orokorrak ere gertuko sentitzen du jaialdia, ordea, Mari Carmen Urbieta Leioako alkatearen ustez, eta iazko edizioan izandako bisitari kopurua jarri du horren frogatzat: 37.000 ikusle batu zituzten. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ere laguntzen dute Umore Azoka, eta udalak 221.300 euroko aurrekontua eskaintzen dio. Alkateak inbertsioari eusteko borondatea azaldu du. «Inbertsio handia da, baina jendea jaialdia noiz helduko zain egoten da, eta balio du arte eszenikoen mundua eta artistak bultzatzeko ere».

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara: www.umoreazoka.org
Bizkaiko Foru Aldundiko, Leioako Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, atzo, Leioako Umore Azokaren aurkezpenean.
Bizkaiko Foru Aldundiko, Leioako Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, atzo, Leioako Umore Azokaren aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Dokumentuaren akzioak