Dokumentuaren akzioak
Antzerkia, maskarada eta azoka bilduko dira Uztaritzen Hartzaro festibala dela eta
Jaialdia bihar arratsaldean zabalduko da bi kontzerturekin, lehena ordu bietan, Bilgune gelan, eta bigarrena, arratseko 9etan, Latsan.
Gainera, Mikel eta Iñaki Goyhenetchek osatutako Euskal Herriko 30 urteko historia afixetan erakusketa zabalduko da Lapurdi aretoan.
Aurtengo jaialdian sorkuntza lan berri bat aurkeztuko da, Hartza Iguzkia, Théâtre de Pain antzerki taldeak eta Izartxo musika eta dantza taldeak muntatutako lana, Mizel Theret-en koreografiaren inguruan.
Ikuskizun honetan ehundik gora artistek hartu dute parte, hartzaren esnatzea taularatzeko. Emanaldia larunbat arratsaldean, 6:30etan, izango da, Hiribehere plazan.
Baina, lehenago bada zer ikusi eta zer entzun. Goizean goiz, txerria hiltzeko ohitura berrituko da, eta txerri festa galanta egingo da Latsa auzoan, bertsolari, gaitero, txistulari, txalapartari eta animazio ugarirekin.
Ez da merkaturik faltako egun horretan, eta inauteri feria zabalduko da Lapurdi plazan. Bertan Eskiulako maskaradaren ordezkariak ikusteko aukera izango da. Zuberotarrek ikuskizun zabalagoa eskainiko dute arratsaldean frontoian, beti ere Hartza Iguzkia sorkuntza lanaren aurretik.
Honek lekukoa utziko dio Herritarren Kontzertuari. 200 bat musikari eta kantari arituko dira soinua jartzen arratsari.
Igandea Kaskaroten eguna izango da Uztaritzen. Euren desfileak herriko karrikak zeharkatuko ditu. 300 urteko tradizio hau berriro ere kaleko jaun ta jabe egingo da.
Dokumentuaren akzioak