Dokumentuaren akzioak
Antzerki eta dantza lanak ekoizteko lau beka emango dituzte Bilbon
Aurten, Euskal Herriko konpainien proiektuak soilik onartuko dituzte, eta lau horietatik bat euskarazkoa izango da
BADen aurkezteko aukera
Artistak Egoitzan egitasmoarekin, arte eszenikoen esparruko artista zein taldeak sustatzeko helburua du Udaleko Kultura Sailak. Dramaturgia berritzaileak bultzatzea ere bada Artistak Egoitzan ekinaldiaren xedea, baina ez dituzte baztertuko antzerki eta dantza ildo tradizionalagoak jorratzen dituzten proiektuak. Ez arrazoi horrengatik, bederen.
Aukeratutako konpainiek Bilbaoeszenaren entsegu lokalak erabili ahal izango dituzte, prozesu artistikoa gauzatzeko. Horretarako, 25 egun izango dituzte. Eta, ahal dela, uztailean, abuztuan edo irailean prestatu beharko dituzte lanak; beranduenez, urriaren hasieran. Izan ere, lan osoa ez bada, prozesu artistikoaren lagin bat, behintzat, BAD jaialdian erakustea nahi dute egitasmoaren sustatzaileek. Eta oraindik festibalaren egun zehatzik jakinarazi ez duten arren, urriaren amaiera eta azaroaren hasiera aldera izaten da Bilboko antzerki eta dantza jaialdia.
Iaz, esate baterako, Metrokoadroka kolektiboak Artistak Egoitzan egitasmoaren bekaren bitartez sortzen ari zen lanaren zati bat erakutsi zuen, BADen, Poza: zergatik dantzatzen dute bosniarrek? izenburupean.
Dokumentuaren akzioak