Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Antton Moustirats: «Besta ez-komertziala izanen da; egiazko hartu-eman bat»

Dokumentuaren akzioak

Antton Moustirats: «Besta ez-komertziala izanen da; egiazko hartu-eman bat»

Egilea
Iñaki Etxeleku
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2021/10/22
Lotura
Berria

Antton Moustirats: «Besta ez-komertziala izanen da; egiazko hartu-eman bat»

Azken urteetan AEBetako Halloween jaia Itsasuraino (Lapurdi) heldua zela ikusirik, ikastolako buraso batzuekin lan bat abiatu zuten, Arimen Gaua izeneko larrazkeneko besta (Euskal Herrian sineste zaharretan ospatzen zena) berriz ekartzeko, beste mami batekin. Urriaren 31n eginen dute.

Nondik etorri zaizue Arimen Gaua berriz sortzeko nahikaria?

Hastapena da gure etxeetarat jiten zirela haur batzuk frantsesez Halloween ospatzera, un "bonbon ou un sort" erranez [goxoki bat ala zorte bat], goxoki eske. Ikastolan, buraso multzo bat bagara Euskaraz Bizi batzordean; hausnarketa bat egin genuen: gogo guti genuen holako besta batean parte hartzeko, holako baldintzetan eta holako funts eskasarekin; beste zerbait asmatu behar zen.

Buraso batzuen artean, jakin genuen Euskal Herrian bazela beste ospakizun mota bat. Iaz, Jaime Altuna antropologoa [Itzalitako kalabazen berpiztea liburuaren egilea, Josu Ozaitarekin batera] etorrarazi genuen jakiteko zer zen xuxen besta hori eta nola egiten zen. Esplikatu zuen Europa guzian heriotzaren inguruko ospakizun bat egiten zela, udazkenean; gauak gero eta luzeago, hotzago; iluna; baratzeak hiltzen ari; uztak fini. Hilak omentzeko besta pagano bat bazen, eta, gero, giristinoek Omiasaindu sortu zuten. Euskal Herrian ere ospatzen zen.

Halloween ere halako zerbait zitekeen?

Jatorriz Irlandakoa da; irlandarrak Estatu Batuetara joanik, Estatu Batuek berriz atera zuten beren nortasuna azkartzeko, eta beren eredu kapitalistan barreiatu munduan zehar. Gaur egun ospatzen dena hango egiteko maneraren erreprodukzioa da, arrunt. Iparraldean ere egun manera horretan ospatzen da, beste funtsik gabe.

Euskal gisara egin nahi duzue?

Halloweenen bezala, eske bat nahi dugu egin, haurrak mozorrotu besta giroan, jendeengana joan, baina ez un bonbon ou un sort funtsik gabeko esaldiarekin; gure gisara, gure mamiarekin, garenarekin apainduz. Gure haurrek horretan ez parte hartu ordez, besta hori geureganatu nahi dugu.

 «Gure haurrek horretan ez parte hartu ordez, besta hori geureganatu nahi dugu».

Antton Moustirats (Itsasuko ikastolako burasoa)

Ez da izanen sos istoriorik. Besta ez-komertziala izanen da. Mozorroak ganerretako zerekin eginen dira. Bertsolariak izanen dira. Eske ttipia izanik ere, nahi genuen haurrek zerbait presta zezaten beste haurrei eta herritarrei eskaintzeko. Herritarrak etxetik ekarri gauzekin etorriko dira. Egiazko hartu-eman bat izanen da.

Errotzeko xedea zenukete?

Helburua da haur besta baten berrasmatzea. Otsail-apiriletan egiten da nerabe eta heldu gazteen besta inauteri inguruan, kaskarotekin; basagoa edo. Hor, sei hilabete lehenago, heriotzaren ziklo horretan, haur besta bat izanen da; urtez urte moldatuko dugu. Aurtengo eredua ez da izanen heldu den urtekoa.

Hezkuntzan ere landu dute?

Arimen Gaua eskoletara sartu da, eta haurrak gaiaz jabetzen ari dira: heriotza aipatzen dute, zeina tabu bat den; baratzea landu dute, eta mozorroak egiten dituzte. Haien irudimen kolektiboan sartzen da besta hori.

Dokumentuaren akzioak