Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Antioko ama eta jan-edana

Dokumentuaren akzioak

Antioko ama eta jan-edana

Santa Isabel eguna da Zumarragan jaietako politenetakoa, Antiorako igoerarena; ekitaldiak, ordea, aurretik hasiko dira. Elkarteen danborrada bihar izango da; haurrena, igandean, Haurren Egunean

Egilea
Idoia Etxeberria
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2008/06/26

Atzo haur parkea jarri zuten, eta gaur ere izango da, etxeko txikienentzat: gomminga, zezen mugikorrak, rokodromoa, iratxo puzgarria, ohe elastikoak... Txu-txu trena ibiliko da kaleetan. Literaturak ere izango du bere tartea, arratsaldean: «Herriko zein kanpoko idazleek aukera daukate irakurraldiak egiteko», kultur etxean. Gauean, berriz, Kukai dantza taldeak piztuko du ikusmina: Hnuyilla... ikuskizuna taularatuko dute: «Uste dut oso polita izango dela; maiatzean estreinatu zen. Ikuskizunen artean, Txatarreria Keaton ere badaukagu: Buster Keatonen film mutua, lau-bost musikarirekin zuzenean. Oso interesgarria». Astelehenean izango da hori (sarrerak 3 euro, Zelai Arizti aretoan).

Bihar, goitibeherak

Hasi-hasi, bihar hasiko dira jaiak. Goitibehera lehiaketa eta elkarteen danborrada dira plater nagusiak. «Goitibeheretan aurten partaide pila bat daude, eta elkarteen danborradan 400 pertsona inguru daude dagoeneko. Plazara iristen direnean, jaiaren hasiera modukoa da». Mariatxien doinuak ere entzun ahal izango dira bihar, eta bertsozaleentzat bertso afaria dago. Txosnetan kontzertuak egingo dituzte: Afonia, Material Rechazado eta Agressive Combat. «Txosnak Kalebarrengo aparkalekuan daude, betiko lekuan. Oso kontzertu majoak antolatu dituzte, uste dut oso txukun ari direla».

Larunbata ere egun potoloa da, Koadrilen Eguna. Batzuk Euskadi plazan elkartuko dira eta beste batzuk txosnetan. Haurrentzako ere izango da entretenigarririk: poniak eta zezentxoak. Arratsaldean eskualdeko izkingileen lehiaketa egingo dute. Gauean, su festak daude, eta hainbat estiloko musika entzuteko aukera: txosnetan, Foralettes, Sorkun, Vicepresidentes eta Willis Drumond taldeek joko dute. Euskadi plazan, berriz, larrain-dantza egongo da lehenengo, eta dantzaldia, gero, Tarantella orkestrarekin. Larunbatean zein igandean, txosnetan sardina-jana egingo dute.

Santa Isabel eguna

«Goizean goizetik Antioko zelaiak koadrilaz betetzen hasten dira. Meza nagusian amabirjinari ezpata-dantza eskaintzen zaio, eta gero eliza aurrean ohorezko aurreskua dantzatzen da. Bertsolariak eta trikitilariak daude, bazkaria eta erromeria. Aukera dago bazkaria catering bidez egiteko [37 euro, gaur da izena emateko azken eguna], janariarekin gora eta behera ibili gabe. Baina koadrila bakoitzak bere mahaia dauka, eta jendea ondo prestatuta joaten da!». Jaitsieran, etxeetatik urik ez botatzeko eskatu du Udalak. «Musika tresnaren bat harrapatuz gero, izorratu egiten du».

 

 

 

Egitaraua

GAUR

11:00. Haur Parkea, Euskadi plazan. Goizez eta arratsaldez.

19:30. Literatura ilunabarra, kultur etxean. Irakurraldiak.

20:00. Goiargi abesbatzaren argazkiak, Zelai Arizti aretoan.

22:00. Hnuyilla... dantza ikuskizuna kultur etxean (5 euro).

BIHAR

19:30. Buruhandi eta erraldoiak, dultzaineroekin.

21:30. Bertso afaria: GR 16.

23:00. Elkarteen danborrada.

01:00. Txosnetan: Afonia, Material Rechazado eta Agressive Combat. Euskadi plazan, Garibaldi mariatxiak. Eta kalez kale Urolatarrak txaranga.

ETZI

12:00. Poniak eta zezentxoak. Batuband taldearen kalejira.

14:00. Koadrilen bazkaria, Euskadi plazan.

15:00. Bazkaria txosnetan.

16:30. Mus txapelketa.

18:30. Izkingileen lehiaketa, La Salle ikastetxean.

19:00. Dantza erakustaldia, Zelai-Arizti parkean.

20:00. Sardina jana.

20:15. Goiargi abesbatzaren emanaldia, komentuan.

23:15. Su festa.

00:00. Txosnetan: Foralettes, Sorkun & Vicepresidentes, Willis Drumond. Euskadi plazan: Larrain-dantza.

EKAINAK 29, IGANDEA

11:30. Haurren Eguneko ekitaldia, Euskadi plazan.

17:30. Haurren danborrada.

19:00. Antzerkia txosnetan. Gaur Jaia haurrentzako ikuskizuna Areizaga plazan.

19:30. Dantza Askatuko Txapelketa, Zumarragako Zelai Arizti parkean.

20:00. Sardina jana.

22:00. Dantzaldia plazan.

23:00. Kontzertua txosnetan: herriko taldeak.

UZTAILAK 2, ASTEAZKENA

09:00. Antiora igoera, egun osorako.

11:00. Ezpata dantza, elizan.

14:30. Herri bazkaria.

20:30. Jaitsiera, dantzariekin.

Dokumentuaren akzioak