Dokumentuaren akzioak
Animac jaialdiko animazio filmak emango dituzte Artelekun gaurtik aurrera
Azken urteko lan aipagarrienetako batzuk pantailaratuko dituzte gaurtik larunbatera bitartean Donostian
Sheila Sofianen film laburren hautaketa bat ikusi ahal izango da gaur, horien artean Truth Has Fallen
eraikitze bidean dagoen lana. Benetako irudi eta animazioz osatutako 35
milimetroko filma da, James McCloskeyri buruzkoa. Hilketa leporatuta
kartzelatutako preso errugabeak askatzeko Centurion Ministeries
erakundea sortu zuen McCloskey.
Bihar, Animacen aurkeztutako lan onenen aukeraketa bat eskainiko dute; besteak beste, Please Say Something (David Oreilly), Molt bé les campanes (Laura Gines / Pere Ginard), Salsito (Sandra Ortuño / Victor Gil), La carte (Stefan Le Lay) eta Ohus (In the Air) (Martinus Klemet).
Haurtzarora bidaia
The Lost Objects of Childhood izenburupean, haurtzaroa
oinarri duten animazioko filmak emango dituzte etzi, Deborah Levyk
zuzendutako saioan. Helduentzako ipuinak dirudite film hauek, eta
haurtzaroa dute denek argumentu nagusi: haurtzaroko nahi eta grina zein
pentsamendu magikoa. Erresuma Batuan eta AEBetan egindako lanak dira
denak.
Ostiralean, Alexander Shirayev (1867-1941) dantzari eta
animatzaile errusiarrari buruzko dokumentala emango dute. 1906an kamera
bat hartu eta Errusiako folklore dantza tradizionalak jaso zituen
Shirayevek. Marrazki eta panpinazko animazio teknika xumea landu zuen
gero, eta balio artistiko handiko dantzaren historiaren memoria lana
osatu zuen. Victor Bocharovek haren historia jaso du A Belated Premier filmean.
Tabakalerak hartuko du larunbateko egitaraua, haurrei
eskainitakoa. Marco Ieiek eta Stefanino De Angelisek gidatutako
tailerra egingo dute lehenengo, eta ondoren zazpi film labur
independente emango dituzte.
Dokumentuaren akzioak