Angeluko kabalkada, barne-indarra eta gero-egarria
[KULTURA KRITIKA] «Irailaren 26an hurbildu nintzen, adiskideekin batera, Quintaou plazara, egun horretako kabalkadaz gozatzera. Eta hasieratik bukaera arte, angeluarrek maisukiro jokatu zuten kabalkada-toberak gatibaturik, liluraturik izan ginela aitortu behar dizuet».
Angelu herrian, bi kultura elkarren ondoan bizi izan dira aspalditik: euskaldunak eta gaskoiak; eta bi-biek osatu dute angeluar gizartea. 1966an, bertako seme-alabek Angeluarrak elkartea sortu zuten, euskararen eta euskal kulturaren transmisioan indarra eta bultzada egin nahian. Biziki elkarte indartsua izan da beti, Angelun eragin handia izan duena eta duena. Gaur ere, ehun bat partaide ditu. Angeluarrak dantza taldea, elkarte horren bihotza dela erran daiteke, herrian, urtero zenbait kultur ekitaldi eta erritu egiten dituena: Lapurdiko Ihauteria, Donibane Sua, Olentzero… eta abar. Aurten aipatu elkarteak 60 urte bete ditu; eta, horren kari, kabalkada berria antolatzeari ekin diote. Angelun ohitura zaharra dugu, kabalkada-tobera, baina 2002an jokatu zuten azkena; hau da, duela hogeita lau urte.
Hori dela eta, 2025eko irailean talde eragile indartsu bat antolatu zuten, lau arlotan banatua: dantza, antzerki, joste eta musika. Dantza batzordean Elorri Amulet, Jerome Arhanzet, Elena Darzelos, Oihana Makazaga eta Mattin Prat izan dira arduradun nagusiak, beren aginduetara 190 dantzari bilduz. Antzerki batzordean Jokin Irungarai izan dute taula-zuzendari; osora 26 antzezle bilduz. Joste batzordean, 25 jostun aritu izan dira, astero lau tailer eginez. Eta musika batzordean, 25 musikari bildu dira (gaita, saxofoi altua, flauta, altua, mandolina, klarinetea, txistua, xirula, perkusioak eta akordeoiak) Patxi Amulet konpositore eta musikari profesionalaren eskutik. Musika zuzendaria, berriz, Maite Duboue, Baionako Kontserbatorioko musika irakaslea izan da.
Ekainaren 5ean, Gazte Kabalkada eman zuten Angeluko lerratokian, etorkizunerako harrobia bermatuko duena. Gaurko angeluarrek hazia erein dute, biharko angeluarrek, berriz, fruitu ederrak, hau da, kabalkada ederrak, antola ditzaten. Geroa bermatu nahi izan dute, biharko belaunaldiak euskaldunak eta euskal kulturari atxikiak izan daitezen. Eta lortuko dutelakoan nago, gazte kabalkadan parte hartu zuten gaztetxoen kemena eta euskaltzaletasuna ikusirik.
«Gaurko angeluarrek hazia erein dute, geroa bermatu nahi izan dute, biharko belaunaldiak euskaldunak eta euskal kulturari atxikiak izan daitezen»
Eta uda berotsua pasatu ondoren, Angeluko Kabalkada etorri zen, irailaren 20an, igandearekin, Hardoiko frontoira; eta 26an, larunbatarekin, Quintaou plaza ospetsura. Bietan jarleku guztiak bete eta inguruak jendez mukuru izan ziren. Kabalkada zinez ederra, euskal giro aparta, bihotzak uros… Egun horietan Angelun barne-indarra eta gero-egarria nabari ziren, zinez! Zoriontzeko modukoa!
Kabalkadaren egitura eta beste zenbait ezaugarri
Ni, adiskideekin batera, 26an hurbildu nintzen Quintaou plazara, egun horretako kabalkadaz gozatzera. Eta hasieratik bukaera arte, angeluarrek maisukiro jokatu zuten kabalkada-toberak gatibaturik, liluraturik izan ginela aitortu behar dizuet.
Hasiera izugarri ederra izan zen. Ibilaldia zabalduz lau zaldizko, bi euskal ikurrina, Lapurdiko bandera eta Angelukoa eramanez. Isiltasun handiz sartu ziren plazara, eta lau aldeetan zeudenak agurtuz, kabalkada hastear zegoela iragarri zuten «Kabalkada hasiko da!» lau aldeetan ozenki errepikatuz.
Plazatik atera zirelarik, sartu ziren, kabalkadetan ohikoa den doinu batez giroturik, zapurrak, bolantak, kaskarotak, andere xuriak, herritarrak, banderariak, makilariak, bertsolariak…, eta horien guztien gibelean, azaldu ziren orga batean eta zirtzilez inguraturik jaun jujea, jaun prokuradorea, defentsako andere abokatua, eta bi uxer. Bukaeran musikari tropa ederra.
Antzerki saioa lau agerralditan banatu zuten. Lehenean, higiezinen erokeria aurkeztu ziguten. Bigarren agerraldian, hirigintzaren itolarria eta hiriaren hizkuntza-politikaren auzia oroitarazi zizkiguten. Hirugarrenean, Angelu herriaren nortasun bikoitzaz (euskalduna eta gaskoia) mintzatu ziren. Eta laugarren agerraldian, epaiketaren tenorea izan zen. Epaileak, denon pozerako, euskararen eta gaskoieraren aldeko epaia eman zuen, baita erokeria inmobiliarioaren aurkako neurrien aldekoa ere.
Agerraldi sakonak izan ziren, gaiaren aldetik, Angelu herrian eragin dutenak, baina umore handiz jorratu zituztenak, publikoaren irriak eta barre-algarak ainitzetan piztuz.
Han inork ez zuen aspertzeko astirik izan. Dantzariak, 190 pertsonaz osatu tropa ederra, bikain aritu ziren publikoaren txalo sortak piztuaraziz. Lehen agerraldian Azkaindarrak izeneko dantza-jauzia airoski dantzatu zuten; bigarrenean: Euskaldunak eta Sorginak eta ohiko lau kontradantzak; hirugarrenean: Eskotixa, Gau-ainarak eta Gabota; eta laugarren agerraldian: Makil-ttiki, Hiru txito, Beteluren fandangoa, Makeako sokadantza eta Dantza Luze. Saio bikainak, zinez, angeluar dantzariek egin zituztenak, horietako batzuk publikoak txaloaldi luze-luzeez saritu zituztenak.
Bigarren saio honetan Battitt Crouspeyre eta Patxi Iriart izan ziren hasieran, agerraldien arteko aldietan eta bukaeran ederki aritu zirenak, haien bertsoez azalpenak hedatuz eta kabalkadari nolabaiteko batasuna emanez. Saio bikainak egin zituztela erran beharra dago.
Hirugarren agerraldian, bi makilariak dantzan eta makila goi-goiti jaurtiz aritu ziren, saio bikaina eginez. Publikoak bero-bero txalotu zituen.
«Epaileak, denon pozerako, euskararen eta gaskoieraren aldeko epaia eman zuen, baita erokeria inmobiliarioaren aurkako neurrien aldekoa ere»
Jakina da, kabalkadetan, uxerren heriotza ohiko elementua izaten dela. Hil egiten dituzte eta, gero, modu batez edo bestez, arrapiztu egiten dira. Angeluko kabalkadan, Zuberoako maskaradetan aritzen diren bedezi (mediku) eta erizainak izan ziren Lapurdira hurbilduz, uxerrak berpiztu zituztenak.
Bukaeran, arizale edo parte-hartzaile guztiek batera, Eñaut eta Gexan Alfaro anaiek eta Patxi Amuletek egindako 'Urratsez eta jauzika' izeneko kantu ederra abestu zuten. Hortxe zegoen kabalkadaren mezua, angeluarren nahikari eta xedea. Ikus dezagun:
Urratsez eta jauzika
Dantza, kantu, antzerki,
ezpainetan irri,
bihotz eta besoak
zabalduz elgarri.
Herri oso bat egun
zaigu iratzarri,
euskara dugularik
gu denen lokarri.
Barratik Sutarrera,
Quintaou, Aritxaga,
Blancpignon, Bécasse,
Montbrun,
Hardoi ta Latxaga,
eskuak luzaturik,
bultza harremana,
auzoz auzo hauspotuz
gure elkarlana.
Urratsez ta jauzika,
xorrotx begirada,
auzoetatik dator
herriaren taupada,
euskaraz bizi nahi,
mintzatuz euskara,
elkarrekin Angelun.
Gora kabalkada!
Nire iritzia Angeluko kabalkadaz
Aitzineko lerro artean egin ditudan iruzkinak irakurrita, ziur aski jadanik igarri duzue Angeluko kabalkada maitatu dudala, eta ez zaudete oker, irakurle estimatuak, angeluarrek jokatu kabalkada-tobera maisulana iruditu baitzait arlo guzti-guztietan; hau da, antzerkian, dantzan, musikan, jostun lanetan… ziur bainaiz historiara mugarri gisa pasatuko den kabalkada izanen dela. XX. mende hasieran Irisarriko kabalkada izan zen mugarri handia, eta orain, XXI. mende hasiera honetan Angelun, jokatutako kabalkada berdin, luzaz oroituko baita Lapurdi eta Nafarroa Beherean, gailur-gailurrean ibili den kabalkada gisa.
Horrelako dantzari tropa handia, 190 osora, ez da kabalkada guztietan ikusten ahal; gainera trebezia handiz aritu zirenak. Jostunek egindako lana bikaina izan da, arropa, banderak… denak eder-ederrak eta kolore bizi-bizikoak, bihotz-altxagarri, zinez! Bertsolarien saio bikainak eta alegerak, makilarien jokoa gogoan atxikitzeko modukoa, antzerkilariak trebe eta dotore lau agerraldietan, azken kantua mezu-hedatzaile fina; eta zer erranik ez musikarien lanaz, txukun eta uros aritu baitziren, kabalkadaren momentuak eta aldiak ongi lotuz. Laburbilduz, erran dezadan, ene irudikoz, Angeluko kabalkada hau airosa, ederra, umoretsua, kolore handikoa eta perfekzio handikoa izan dela.
Angeluko kabalkadak ederki kritikatu ditu, eta umore handiz, espekulazio inmobiliarioa eta horretan aritzen diren higiezin enpresetako saiak salatu. Ber denboran, Angeluko gaskoi eta euskaldun kultura eta nortasunen defentsa sutsua egin du, behin eta berriz, Angeluk aberastasun handia daukala bere izatea bi kultura horietan oinarritzean aldarrikatuz. Kabalkada aldarrikatzailea izan da, antikoloniala, eta esperantzari leiho zabala, parez pare, ireki diona.
Beraz, artikulu honekin bukatzeko, Angeluko kabalkada honetan, modu batean edo bestean, hau da, antolatzaileak, jostunak, antzerkilariak, dantzariak, makilariak, bertsolariak, musikariak…, zoriondu nahi ditut bihotzez, horrelako lan ederra ematen jakin dutelako. Gogoan dut ere, nola ez, arduradun aritu den Jokin Irungarai jauna, zuzen eta artez gidatu eta bideratu baititu kabalkadaren hari guztiak. Gainera, honako iritzia ez dela nirea bakarrik aipatuko nuke, hemen erran ditudanak kabalkadara hurbildutako guztien ahotan entzunak baititut. Zorionak denei, beraz. Aupa Angelu!
