Dokumentuaren akzioak
Angel Corella dantzariak eta Ara Malikian biolinistak bat egingo dute gaur Donostian
Ara Malikian "nazioarteko biolinista famatuenetako batek" eta Angel Corella "munduko dantzaririk handienetako batek" bat egingo dute gaur, azaroaren 24an, Donostiako Kursaal jauregian, "A+A" ikuskizunean. "Beren indarra, bultzada, adorea eta publikoarekin komunikatzeko ahalmena bateratu dituzte, xarma, indar eta iradokizun ahalmenaz betetako programa bat aurkezteko", azaldu dute Kursaaleko iturriek. Barcelona Balleteko lehen dantzariek (Dayron Vera, Carmen Corella, Kazuko Omori, Natalia Tapia eta Russell Ducker) eta La Orquesta en el Tejado hari orkestrak babestuta, Malikianek eta Corellak "ikuskizun guztiz erakargarria eta liluratzailea" osatu dute. Saioaren lehen zatia Txaikovskiri eskainita dago, eta bertan, artista, dantzari eta musikari guztiek, "Blithe Wick" piezaren bitartez, mugimendu klasikoaren edertasun klasikoa aletzen dute. Malikianek eta Corellak zabaltzen dute lehen mugimendua; ondoren, hurrengo mugimenduetan, pixkanaka, orkestrako kideak eta dantzariak elkartzen zaizkie. Bigarren zatia Ikuskizunaren bigarren zatirako hautatu diren piezek oso desberdinak izateko ezaugarri erakargarria dute, baina denak dira gaur egungo musikagileenak: Joan Valent, Arvo Part, Humberto Armas eta Malikian bera. Angel Corellak zuzentzen duen konpainiako dantzariek, beren ibilbide profesionalaren bidez, hainbat eratako fusioak landu izan dituzte, eta musika eta dantza estilo oso desberdinetara egokitu izan dira. La Orquesta en el Tejadoren errepertorioa obra klasikoek nahiz orkestrako egokitzapenek osatzen dute, eta XX. mendeko herri musikaren errepertorio zabaletik hartuak dira. Xede berean oinarritzen dute batak zein besteak bere existentzia, hau da, balleta eta musika hurbiltzea eta ezagutaraztea, eta, aldi berean, bata eta bestea denboraz kanpokoak eta kultura unibertsalaren parte direla frogatzea.
Dokumentuaren akzioak