Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ane Elizegi Agirreren 'Emakumeak bordon dantzari', 2024ko Tolosako San Joan jaietako kartela

Dokumentuaren akzioak

Ane Elizegi Agirreren 'Emakumeak bordon dantzari', 2024ko Tolosako San Joan jaietako kartela

Komunikabidea
Ataria
Tokia
Tolosa
Mota
Albistea
Data
2024/05/24
Lotura
Ataria
Goiuri Eceiza kultur zinegotzia, Ane Elizegi Agirre kartelaren egilea eta Miren Nazabal Urruzola bordon dantzaria, kartelarekin.

Jai berdinzaleagoak lortzeko bidean, azken urteotan emakumeek herriko jaietan izan duten parte hartzeari egiten dio erreferentzia Elizegiren lanak.

San Joan egunerako hilabete falta den honetan, aurtengo jaiak iragarriko dituen kartela aurkeztu du Tolosako Udalak. Iaz egin bezala, lehiaketa bitartez aukeratu da kartel irabazlea. 37 lan aurkeztu dira lehiaketara eta, horien artean, Ane Elizegi Agirreren Emakumeak bordon dantzari deiturikoak jaso ditu boto gehien. Aurtengo bozketan, gainera, Kultura, Festak eta Gazteria Departamentuak izendatutako epaimahaiaren botoei Jai Batzordearena ere gehitu zaie.

Elizegik osatutako kartelak erreferentzia egiten dio, jai berdinzaleagoak lortzeko bidean, azken urteotan emakumeek Sanjoanetan izan duten parte hartzeari. Hala, Miren Nazabal Urruzola Udaberri Dantza Taldeko bordondantzaria da karteleko protagonista, eta bere irudiarekin batera, honako mezua irakur daiteke, bordondantzarien arkua irudikatuz: «Sei emakume Bordon dantzari aritu ziren estreinekoz 2013ko San Joan egunean. 2022an lehenbizikoz emakume bat izan zen dantzarien kapitain, Miren Nazabal Urruzola. Erreferente eta mugarri zarete, tradizioa eraldatu eta datozenei bidea irekitzeagatik». Emakumeen parte hartzea indartzeko egin diren urratsen nolabaiteko aitortza egin nahi izan du egileak kartelarekin.

Kartela datorren astetik aurrera banatuko da herriko komertzio eta tabernetan. Kultur etxean ere eskuratzeko aukera izango dute herritarrek. Jaietako egitaraua, berriz, aurrerago aurkeztuko da.

Ane Elizegi Agirreren Emakumeak bordon dantzari kartela:

Dokumentuaren akzioak