Ane Albisu donostiarrak urte ugari daramatza Euskal Herriko jantzi ondarean sakontzen, batez ere egun baserritar jantzia deitzen zaion horretan. Orain, gai horren inguruko doktoretza tesia batean murgilduta ere badabil. Egunkari honekin izandako solasaldian, jantzi horren jatorriari, elemendu identifikagarriei eta modak duen eraginari buruz aritu da mintzoan. 

Nondik dator euskaldunok data hauetan janzten ditugun trajeak erabiltzeko ohitura? 

Jantzi honi baserritar jantzia deitzen diogu; beraz, baserriarekin zerikusia nolabait ere badauka. Nik bereizten dut, bat, baserritarren janzkera, eta beste bat, baserritar jantzia, imitazio modukoa.

Gaur egun, garai hartako janzkera ondo imitatu nahi izanez gero, zein elementu lirateke beharrezkoak? 

Interesgarria izango litzateke janzkera horrek zituen hainbat elementu klabe, izan zitezkeela burukoak (emakumeen kasuan, zapiaz mintzo da eta gizonezkoenean, txapelaz) eta oinetakoak, eramaten jakitea. Zergatik esaten dut hau? Niri iruditzen zaidalako identifikatu egiten dela. Guk 90eko hamarkadan, Ikerfolk elkarteak, Atondu programaren barrenean, emakume batzuk baserritarren janzkera hori imitatuz atera genituen; hortik sortu zen gaur egun ezagutzen dugun jantzia. Inflexio puntu bat izan zen. Jendea hasi zen esaten: bakarrik ez dago jantzi ilun hori; badago beste beste jantzi mota hau, koloreak eta elementu desberdinak dituena. Baina jendea fijatu zen gehiegi elementuetan eta ez zen fijatu nolan. 

Zergatik gertatu zen hori? 

Jendeak, gaur egun, zeharo galduta dauka nondik datorren jantzi hau eta, are gehiago, orain dela 30 urte guk berriro azaleratu genuen janzkera; erreferente bat nola ez dagoen, nola hau ez den inon ikasten, erreferente bakarrak dira dendak. Haiek saltzen dutena, jendeak erosten du; jendeak galdetzen die haiei eta haiek ematen dizkiete erantzunak. Moda bat sortu da; urtero-urtero, moda berri bat dago. Niri askok esaten didate nola da ongi eta gaizki? Hau ez da dogma puntu bat, hau da aukera kontu bat. Guk, Ikerfolketik, esaten duguna da gure ustez hobe dela aukeratzea janzkeraren antzekoa dena edo jantzi XX. mende guztian baserritar jantzi izan zena ilun hori; edo bestela, jantzi bakarrik elementu bat: kaiku bat, lekeitiarra bat, buruko zapia edota txapela bakarrik. Identifikatzaile batzuk baditugu; buruko zapia, txapela eta abarkak edo alpargatak.Hau zer eta nolaren arteko oreka da.

Identifikatzaile horietatik, gaur egun gutxien ikusten dena buruko zapia izan liteke?  

Buruko zapiarekin oso istorio berezia gertatzen da. Bada jendea esaten duena hori zen emakumea nolabait ere zapaltzeko modu bat. Eta niri iritsi zaizkidanak dira emakumeak lotarako ere zapia janzten zutenak, eta jada alargun. Ez dut uste kasu horretan zapaldutako kasua zenik. Jantzia janzten dugunean, ez da mozorro bat, gu gara; gure estilo hori ez dugu aldatu nahi. Horregatik 90eko hamarkadan denen gonak aldaketan eramaten zituzten. Buruko zapiarekin gauza bera gertatzen da; gure kultur-identitatea buruan ezer ez eramatea da. Jendeak ez du buruko zapirik janzten psikologikoki ez delako ondo sentitzen.

90. hamarkadan jantzi hauen berpiztea izan zen, baina hamar bat urte beranduago aldatu egin ziren. Zergatik? 

Hasiera batean, jostunak hasi ziren jantziak egiten, oraindik itxiagoa zen. Baina fabriketara iritsi ziren; fabrikak eta arlo honetan indar handia zuten denda asko hasi ziren egiten eta boladak sortzen. Txokatu egiten du tradizioak modarekin, baina jendeak jantzi tradizional deitzen zion. Ez dakit zein punturaino deitu litekeen hau jantzi tradizional bat; jantzi tradizionalen moda bilakatu zen. Aurten zer eramaten da? Nik jende askorekin hitz egiten dut, ea orain zer eskatzen dieten. Ane, jada ez dute nahi granaterik, ez dituzte lorerik nahi; etortzen dira eta esaten dute ez dakit zein esaten diela ez zirela eramaten. Oraindik jendeak jantzi hau baserritarren janzkerarekin erlazionatzen du eta baserritarren janzkera desagertu zen, etorri zen baserritar jantzia eta guk (Ikerfolkek) atera genuen berriro janzkera horren nolabaiteko imitazioa. Eta gure jendeak ulertu zuen ulertu zuena. Eta zer gertatu da 2000. urtetik aurrera? Jendeak iruditu zaiona egin duela; eta horren azpian ezaguera falta dago. Kulpa ez da jendearena; kulpa da gure kulturan, hainbat gauza sartu diren bezala, ikastoletan eta beste hainbat esparrutan, jantziari dagokiona ez da bat ere sartu. Ni orain doktore tesia egiten ari naiz eta neurri handi batean hau orain unibertsitatean dago esateko da. Ez dagoelako; eta beste herri guztietan badago. Beraz, hau atzetik pedagogia bat ez dagoelako gertatzen da.

Gaur egun ikusten diren trajeetan ikusten diren koloreak, moda dira ala garai batean erabiltzen zirenak?

Moda dena da. Baten batek nik asmatu nahi dut esan nahi badu, nik esango nuke urdina edo beltza daukan batekin beti asmatuko genukeela. Kolore askotako oihalak zeuden, baina kolorea baina gehiago da oihal mota; ez denean kotoia, galdu egiten du behar den kolorea Nik askotan esaten dut: asmatu nahi baldin baduzu, hartu gorrixkak, urdinak, beltzak... Tarte horietan dabiltzan koloreekin beti asmatuko duzu. Ez dut esan nahi besteak ez direnik, baina ni beti hortik mugitzen naiz: motibo txikiak dituenak, marrak... Hor beti asmatzen da.

Momentuotan, gai honen inguruko doktoretza bat egiten zabiltza. Zein da zure tesiaren lan ildoa?

Nire doktore tesia ezagutza falta bat ikusi nuelako sortu zen. Hau 80ko hamarkadan hasi nintzen ikertzen; Atondu liburua atera nuen 2006, baina iruditu zitzaidan honek tratamendu sakonago bat eskatzen zuela, baita unibertsitatean egotea ere. Tesian,  Baserritar jantzia. Sorrera eta garapena izenburupean, jantziaren aurrekariak aztertzen ditut, alde batetik; gero, nola sortu eta nola bilakatu zen XX. mendean zehar, baina 90eko hamarkadara arte, hor egon zen aldaketan, ni barruan nengoelako eta ikertzaile bezala objektibitatea behar delako. Jantziaren beraren ezaugarriez gain, alderdi sozial, kultural eta politikoak ere kontuan hartu ditut ikerketan.

Euskal jantzien munduan, zein arlo daude ikertzeke edo behar bezainbat sakondu gabe?

Nik aztertu ditudan aurrekariak nahiko ondo daude aztertuta Bilboko Euskal Museoan; hor Karmele Goñik urte askotan izan zen, lan handia egin zuen eta orain Amaia Mujikak jarraitzen du, bere alabak. Hor lan handia dago eginda, baina interesgarria litzateke ere gehiago sakontzea. Bestalde, 2015an Elena Tururiren tesia aurkitu nuen; tolosarra zen eta Madrilen pedagogiaren antzeko ikasgaiak egin zituen. Berak nik esaten dudana esaten zuen: ez zegoela euskal jantzi bat, janzkera bat baizik. Hori da garai hartako testigantza bakarrak, landa lanaz egina. Landa lan gehiago aurkituko balira... Eta oso polita izango litzateke ere dantza-taldeen jantziak aztertzea. Dantza-taldeak, guk orain ezagutzen ditugun bezala, XX. mendean sortu ziren eta askotan erreferente ere izan dira, dendak bezala.