Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ander Errasti: "Gure estiloa zehaztu genuen, eta horri eusten saiatzen gara"

Dokumentuaren akzioak

Ander Errasti: "Gure estiloa zehaztu genuen, eta horri eusten saiatzen gara"

Ander Errasti - Aukeran konpainiako dantzaria

Aukeran konpainiak ‘Maurizia’ ikuskizuna aurkeztu zuen duela bi aste Viktoria Eugenia antzokian. Bilbon estreinatu zuten lana, baina Donostiako saioa "berezia" izan zela dio Ander Errasti dantzariak.
Egilea
Aiora Larrañaga Solaberrieta
Komunikabidea
Karkara
Tokia
Orio
Mota
Elkarrizketa
Data
2017/04/05
Lotura
Karkara

‘Maurizia’ ikuskizuna aurkeztu zenuten duela bi aste Viktoria Eugenia antzokian. Zer moduzko harrera izan zuen?
Antzoki berezia da Viktoria Eugenia. Gure lana ezagutarazteko aukera aparta zela bagenekien. Inguruko jende asko etorri zen saiora, eta itxura ona eman nahi genuen, ikuskizuna Gipuzkoako beste herrietan aurkezteko aukera irekitzeko. Geltokia izan zen Viktoria Eugenian eskaini genuen azken ikuskizuna 2014­an, eta ordutik ez genuen lortu bertako egitarauan beste ikuskizunik sartzerik. Beraz, itxaropentsu geunden 'Maurizia'-rekin.

"Lortu" hitza erabili duzu.
Bai, Viktoria Eugenia antzoki garrantzitsua da, eta ez da batere erraza ikuskizunak Donostiako antzokian aurkeztea.


Ikusleek zuek nahi bezala erantzun al zuten?
Oso gustura geratu ginen ikusleek egin ziguten harrerarekin; lehenengo momentutik txaloka hasi ziren. Astebete lehenago Andoainen eskaini genuen saioa, eta hura Donostiako ikuskizunerako prestaketa modukoa izan zen guretzat, oholtza gainera igo gabe denboratxo bat baikeneraman.


Artistentzat eszenatoki berezia al da Viktoria Eugenia?
Antzoki zoragarria da, eta gertuen dugun prestigiodun antzokia da, gainera. Kursaalean ere eman izan ditugu ikuskizunak, baina dantzariok garrantzi handiago eman ohi diogu Viktoria Eugeniari.


'Maurizia'-k bide berezia egin du ikuskizun bezala.
Geltokia antzokirako ikuskizun moduan prestatu genuen. Krisi ekonomikoak eragin handia izan du kultura arloan, eta azken urtetan zaila izan da udalek mota horretako saioak kontratatzea. Proiektu oso ona zen, baina ez genuen nahi adina zabaltzeko aukerarik izan. Aurretik izandako esperientzia kontuan hartuta, gure lana kalera ateratzeko apustua egin genuen. Jendea kalean dabil, eta kalean egin ahal izateko ikuskizuna prestatzea erabaki genuen, Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzailearen figura oinarri hartuta. Ordu erdiko saioa da, ekonomikoa, festetan edo antzerki jaialdietan eskaintzeko modukoa.
Hala ere, Bilboko Loraldia jaialdian 'Maurizia' ikuskizuna estreinatzeko aukera eman ziguten. Estreinaldia antzoki batean izango zenez, kalera begira zegoen ikuskizuna antzokirako moldatu behar izan genuen, ordubete inguruko saioa osatuz.


Dantzari dagokionean, aurretik egin dituzuen beste ikuskizunekin alderatuta, ba al du desberdintasunik?
Gure estiloa zehaztu genuen hasieratik, eta horri eusten saiatu gara. Euskal dantza tradizionala beste dantzekin fusionatzen dugu. 'Maurizia' ikuskizunean, esaterako, tangoko pauso batzuk daude.


Aukeran konpainiak eboluziorik izan al du hogei urte hauetan?
Hasieran egiten genuena eta gaur egungo lana desberdina da. Hasieran, Aukeran dantza konpainia proiektu berritzailea zenez, zuzendariak ez zekien zer harrera izango zuen, eta dantza solteak egiten hasi ziren. Herritarrek ondo hartu zutela ikusita, pixkanaka ikuskizunak osatuz joan ginen. Gaur egun, gure saioek istorio bat izaten dute oinarrian: dantzaren bidez adierazitako istorioak kontatzen ditugu.


Nola antolatzen duzue taldea?
Hamaika dantzarik eta Edu Muruamendiaraz zuzendariak osatzen dugu taldea. Guk profesional mailako ikuskizunak eskaintzen baditugu ere, ez gara  horretatik bizi. Bakoitzak bere lana eta eginbeharrak izaten ditu. Hori horrela, ezin dugu egunero entseatu. Normalean, astean bitan biltzen gara; eta saio bereziren bat ateratzen bazaigu,  gehiagotan.


Hamabost urte daramatzazu Aukeran konpainiarekin. Pentsatu al duzu inoiz dantza beste ikuspuntu batetik lantzea?
Dantzariaren ibilbidea ez da beste lanbideena bezalakoa, jakin badakit ez zaizkidala urte asko geratzen. Sasoi oso ona izan behar da, exigentzia fisiko handia eskatzen baitu dantzak. Azken urteetan mina izan dut izterrean, eta oneratu ezinik ibili naiz. Aukeran konpainiako dantzaria izateaz gain, euskal dantza erakusten egiten dut lan. Ondorioz, ez diot erabateko atsedena ematen gorputzari. Gainera, gazteak oso indartsu datoz, eta beren ibilbidea egin dezaten tokia utzi behar zaie. Ez dut erabaki zer egingo dudan etorkizunean.

Ander Errasti: "Gure estiloa zehaztu genuen, eta horri eusten saiatzen gara"

Ander Errasti dantzaria. 

Dokumentuaren akzioak