Aiara Dantza Taldeak, Amurrioko Udalaren laguntzarekin, hainbat ekitaldi antolatu ditu aste honetan, maiatzaren 17tik 23ra, Amurrion Euskal Astea ospatzeko. Ospakizunak dantzaren inguruan egingo dira eta horretarako, dantza-jantzien erakusketa egongo da herriko hainbat dendatako erakusleihoetan. Gainera, dokumental bat, argazki erakusketa bat, tailer koreografiko bat eta bi dantza ikuskizun programatu dira.
Atzo abiatu zen aste berezia Amurrio Antzokian pantailaratu zen Jantzari dokumentalarekin. “2018ko San Migel jaietan dantzaren tradizioa inoiz baino biziago dagoela erakutsi zuten neska eta mutilez osatutako talde bat lehenengoz plazara irtenda. Talde hori da dokumentalaren protagonista: Iurretako dantza talde nagusia osatzen duten zortzi neska-mutilak. Bost urtean behin herriko dantza talde denak Urrixena jaialdian batzen dira Iurretan. Ospakizun horretan lehenengoz parte hartuko dute debutatu berriek (talde parekideak) beste belaunaldi batzuetako dantzariekin batera. Entseguak, egun horretako prestaketak, eta plazan bizi duten emozioa izango da dokumentalaren haria. Tarteka, Iurretako behinolako dantzarien testigantzak, ikerlarien iritziak eta beste hainbat lekukotza jasoko dira.”
Maiatzaren 22an, egun osoan zehar, Aiara dantza taldearen antzinako eta egungo argazkien erakusketa izango da ikusgai, Elexondo pasealekuan. Eguerdian, 12:30ean, Aiara Dantza taldearen emanaldia izango da Juan Urrutia plazan. Arratsaldean, 17:00etan, Dantza tailerra antolatu du Haatik konpainiak, Amurrio Antzokian. Eta azkenik, 19:30ean, Haatik dantza konpainiak Errimak bi oinetan dantza ikuskizuna eskiniko du Juan Urrutia plazan.
“Bertso ariketa eta jokoak dantzara eramatea da emanaldi honen berezitasuna edo ezberdintasuna, bertso-sorta zahar eta berriei mugimendua eman eta gaurkotasunari buruzko gogoetak plazaratzeko aukera ematen duena”, konpainiaren esanetan