Azkenean ez dira otsailaren 4an kantuan aterako Amurrioko Kintoak. Ohiturari jarraiki, 18 urte betetzen dituzten herriko gazteak udalerriko auzo eta batzar administratiboetatik igarotzen dira urtero, Santa Ageda bezperan, kantuan eta eskean.
Aurten 75 gazte amurrioar zeuden deituak kintoen erronda egitera. Erronda hori, ordea, ekainaren 11ra atzeratu dute, pandemia egoerak hala behartuta. Kintoek eta udalak hainbat koordinazio-bilera egin dituzte, eta bertan ebatzi dute Santa Ageda bezperan kantuan ez ateratzea.
Urduñan ere bertan behera
Urduñan ere erabaki berdina hartu zuten hiriko kintoek iragan astean. "Egoera oso txarra da eta ez da logikoa abestera ateratzea. Egoera hobetzen denean erabakiko dugu nola antolatu" azaldu dio Aiaradea Hedabideari June Arto gazte urduñarrak.