Dokumentuaren akzioak
Amurrioko Euskal Jaia, eskualdeko dantzarien topaleku
Maiatzaren 26an izango da Aiara Dantza Taldearen Euskal Jaia. Egun osoko egitaraua egongo da.
11:15ean abiatuko dira kalejiran Amurrioko hainbat lekutatik. Haurren dantzaldia eskainiko dute 12:00etan Juan Urrutia plazan. Bertan hartuko dute parte Orozko eta Laudioko Itxarkundia taldeak, Laudio Ikastolak eta Aiara Dantza Taldeak. "Nahiz eta aurten Amurrioko Euskal Jaian batuko garen, asmoa urtero herri batean elkartzea da", azaldu du Iraia Aspuru Aiara Dantza Taldeko kideak. "Hau proposatzen den lehenengo urtea izanik zaila egin zaigu elkarte guztiekin elkartzea, eta horregatik indarra dantza taldeetan jarri dugu. Hala ere, datozen urteetan ahalik eta elkarte gehien batzea izango da asmoa".
Zentzu horretan sustatu dute kultur eragileekin elkarlana. 13:15ean, adibidez, dantzapoteoari ekingo diote, Amurrioko gaiteroekin, Urduñako Oilarrak taldearekin eta Laudioko Ugarteko Otxotearekin. Izan ere, jaia euskal kulturaren topaleku izatea nahi dute.
Bazkaria eta erromeria
Eguerdian bazkaria egingo dute parkean. Tiketak salgai daude dagoeneko, 8 euroren truke Reforren, El Rinconciton, Txokogorrin eta Txotisen.
Ez dira faltako arratsaldean umeentzako jolasak eta musika, 16:00etatik 17:15 arte txoko berezia jarriko baitute. 18:30ean izango da ekitaldi nagusia, eskualdeko dantza taldeen emanaldia, hain zuzen. Itxarkundia, Untzueta, Orozko eta Artziniegako dantza taldea eta Aiara dantza taldea elkartuko dira bertan.
Zaletuek ere izango dute dantzatzeko aukera, 20:00etan dantzaplaza antolatu baitute Patxi eta Konpainiarekin. Egunari amaiera emateko, Orozkoko Hilean Bariku Bat taldeak kontzertua eskainiko du. Antolatzaileek egun osoan baserritarrez jantzita bertaratzeko deia luzatu dute.
Dokumentuaren akzioak