Dokumentuaren akzioak
'Amoria & Dolore' obra liburu batean jaso du Kresala dantza taldeak
Bi urte pasatxoz interpretatu du oholtza gainean Amoria & Dolore dantza ikuskizuna Kresala Donostiako dantza taldeak. Juan Sebastian Elkanok munduari emandako lehen itzulia du oinarri, eta justuki, bosgarren mendeurrenaren harira oholtzaratu zuten aurrenekoz, 2020an. Ekitaldi bakar batean garatutako hamazazpi eszena sortu zituzten obrarako, eta dantzaren bitartez kontatu zuten «euskal nabigazioaren Urrezko Aroa». Bada, paperean irakur daiteke orain, taldeak liburu batean bildu baititu obraren gaineko xehetasunak: Portuz portu. Bitakora kaiera. Aimar Ezeiza Kresalako presidenteak eta Claudia Erentxun eta Josu Sagardia konpainiako kideek herenegun aurkeztu zuten argitalpena, Donostiako Kultura zinegotzi Jon Insaustirekin batera.
Enrique Solinis musikariak eta Euskal Barrokensemble taldeak Elkanori eskainitako diskoa izan zuten ardatz Kresala dantza taldekoek obrari ekiteko. Erdi Aroko musikan oinarrituta, «gaur egungo emanaldi bat» sortu nahi izan zuten, betiere garai haietako kultura aintzat hartuta. «Lan handia da horrelako ikuskizun bat aurrera eraman ahal izatea, baina ederra izan da dantzariontzat», hala azaldu ditu Ezeizak obra gauzatu bitartean bizitakoak.
2019ko martxoaren 15ean sortu zen Amoria & Dolore egiteko ideia. Egun horretan, Solinis eta Miren Zeberio musikariek Kresalako zuzendari artistiko Faustino Aranzabal eta Idoia Ibarzabali aurreratu zieten Elkanok munduari egindako lehen zirkumnabigazioaren inguruko obra batean ari zirela lanean, eta jakinaren gainean izango zituztela. Behin proiektuaren berri jakinda, dantza taldeko zuzendariek ez zuten zalantzarik izan, eta obra gauzatzeari ekin zioten. Hala hasi zuten gerora hamaika txokotara zabaldu duten sorkuntza prozesua.
Zortzi ataletan banatu dute argitaratu berri duten liburua, eta, hain justu, sorkuntza prozesu hori guztia jaso dute hartan; besteak beste, hamaika testu, poema eta irudirekin batera. Sagardia: «Hasieran izan genituen zalantzak, probak, entseguak, hutsegiteak eta ondo egindakoak kontatzen dira liburu honetan, baita ikuskizunak emandako fruituak ere».
Liburuan bertan azaldu dutenez, Ekuadorko dantza jaialdi batean estreinatu zuten Amoria & Dolore, artean behin betiko jantzirik eta atrezzorik ez zuten garaian. Pandemiak eta konfinamenduak kultur mundua geldiarazi bazuten ere, Kresalak lanean jarraitu zuen, eta, azkenik, 2020ko uztailaren 25ean, Bilboko Euskalduna Jauregiko auditoriumean estreinatu zuten obra. Euskal Herriko hainbat txokotan izan dira geroztik, baita Sevillan (Espainia) eta Amerikako Estatu Batuetan ere. Miarritzen (Lapurdi) amaitu dute bira, oraintsu, nahiz eta ez duten baztertzen hurrengo hilabeteetan obra berriz ematea.
Obraren atzean lan handia dagoela esan du Sagardiak, nahiz eta taldekideek gozatu duten prozesuarekin. Haren ustez, lan horren isla da Portuz portu. Bitakora kaiera. Erentxun bat dator harekin: «Zalantzarik gabe, liburu honek ederki jasotzen du ikuskizunak atzean duen sorkuntza prozesua».
Horrekin, lau dira Donostiako dantza taldeak argitaratutako liburuak. 2008an argitaratu zuen lehendabizikoa: Tradizioa sormen iturri. Ondoren kaleratu zituzten Dantzaren menturan, denboraren mugan (2014) eta Pausoz pauso. Hegaldi isila, hegaldi luzea (2018).
Dokumentuaren akzioak