Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 'Amoria & Dolore' ikuskizuna bildu du Kresalak liburu batean, Elkanoren mundu bira gogoratuz

Dokumentuaren akzioak

'Amoria & Dolore' ikuskizuna bildu du Kresalak liburu batean, Elkanoren mundu bira gogoratuz

Egilea
Xalba Ramirez
Komunikabidea
Irutxuloko Hitza
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2023/02/28
Lotura
Irutxuloko Hitza
(Argazkia: Xalba Ramirez)

“Hiru gizaki mota daude: biziak, hilak eta itsasoratzen direnak”. Anakarsis filosofo greziarraren esana bildu du Kresala Dantza Taldeak, beste hainbat erreferentziarekin batera, argitaratu berri duten Portuz Portu. Bitakora kaiera liburuan. Amoria & Dolore ikuskizunaren ibilbidea jaso dute honela, ikuskizunaren sorrera prozesua eta bilakaera bilduz, irudi eta testu bidez, ikuskizuna hobe uler dadin, eta “ondare” moduan geratu dadin.

Amoria & Dolore dantza ikuskizunak, “euskal nabigazioaren urrezko aroan” du sorkuntza abiapuntua; hain zuzen, Juan Sebastian Elkanoren lehen mundu bira gogora ekarriz. Garai horri “gorazarre” egin nahi izan zion taldeak, duela bi urte abiatutako ikuskizunarekin.

Jon Insausti kultur zinegotziak nabarmendu du Kresalak bete zuen “enbaxadore bikain” papera, eta lan honek Elkanoren mundu biraren 500. urteurrena gogoratzeko egindako ekitaldiak gogoratzeko balioko duela nabarmendu du.

Liburuan jasotzen da bi urtetan zehar ikuskizunak egindako ibilbide oparoa: Ekuadorretik hasi, Euskal Herria zeharkatu eta Sevillara eta AEBetara salto eginez, honelako ikuskizun batek izan dituen mugak aise gaindituz.

30 dantzariz osatutako ikuskizuna prestatu zuten Faustino Aranzabal eta Idoia Ibarzabal zuzendariek, “herri inspirazioz gorpuztutako arte barrokoaren espresio gisa, dantza preklasiko bilduma osatzen du”. Sorkuntza prozesuaren atalaren barruan, jantzietarako erabili diren irudiak biltzen dira, eta, aurrerago, inspirazio gisa erabili diren hainbat testu, tartean, J.A. Artze, Eduardo Galeano eta Bernat Etxeparerena.

Ez da lehen aldia Kresalak liburu bat argitaratzen duela: Yurre Ugarte, taldearen sortzaileari buruzko biografia egina du, baita Pausoz Pauso lana ere, taldearen ibilbideari errepaso egiten diona. Egun, Amoria & Dolore albo batera utzita, Hitaz Orhoit ikuskizunean murgilduta daude buru-belarri. Otsailaren 9an aurkeztu zuten Hernanin, eta herriz herri aurkezteko asmoa dute orain.

Dokumentuaren akzioak