Dokumentuaren akzioak
"Amnesia kolektibo bat egon zen Altsasuko inauteriekin"
Altsasuko inauterin inguruko dokumentala sortzen ari da Galdakaoko Andra Mari dantza taldea, eta aurreko astean inauterien inguruko hitzaldi bat egin zuten.
1. Noiz galdu ziren Altsasuko inauteriak?
1916. urtean gutxi gorabehera, guri data hori eman digute. Orain data hori zehazten ari gara, dokumentatzen.
2. Eta zergatik galdu ziren?
Oso inauteri biolentoak ziren. Inauterietan gertatu behar zen bezala, hori herri inauteri guztietan elementu amankomun bat da. Altsasun ezbehar bat gertatu zen. Pertsona bat sustoarekin hil egin zen eta herrian trauma bat sortu zen. Trauma hori konparatu dezakegu Ezkio-Itsasoko Ama Birjinaren gertaerarekin bezala: jakin zenean agertu zela, ezkutatu egin zen. Amnesia kolektibo bat bezala; eta inauteriak ahaztu egin ziren. 60 urtez inork ez zekien ezer. Zaharrek bakarrik gogoratzen zuten, momentu horretan bizirik egon ziren pertsonak.
3. 60 urte ondoren, Andra Mari dantza taldeak berreskuratzeko lanak hasi zituen. Nola hasi zen berreskurapen hori?
1973. urtean Isidro Aldasoro Amundarañek sorpresaz esan zion Patxiri Gure Txokoan, bertako elkarte batean, Altsasun garai batean inauterietan narru batekin, saski batekin eta ez dakit zerekin kalean ibiltzen zirela eta abar. Patxi liluratuta gelditu zen, apuntatu zuen eta apuntatutako guztia Jose Mari Satrustegiri eman zion. Satrustegik 1974an liburu batean aipamen horren inguruan argitaratu zuen, Patxik emandakoa, alegia. Juanan Urbeltzek hori irakurri zuenean material oso inportantea zegoela pentsatu zuen. 1970ko hamarkadaren hasieran lan handia egiten zen folklore mailan, berreskuratzeko lan handia egin zen. Orduan, inauteriak berreskuratzeko gaia atera zen eta Andra Mariri esan zioten. Harreman oso handia zuen. Orduan Altsasura ikertzera joateko esan zioten. Patxiri eta Patxiren anaiari ere bai esan zioten Andra Maritik pertsona batzuk ikerketa egitera joango zirela. Hor hasi ziren kontaktuak.
4. Noiz antzeztu zen lehenengo aldiz?
1977. urtean antzeztu zen lehenengo aldiz Sestaon eta Tolosan. Tolosara Satrustegi, Patxi, Amaia eta Urbeltz ere joan ziren eta oso lan polita eta duina izan zela esan zuten. Denak oso pozik gelditu ziren. Hurrengo urtean, 1978. urtean, antzeztu zen lehenengo aldiz Altsasun. 60 urteren ostean.
5. Ohitura berreskuratu zen, beraz.
Altsasuko herriak, gazteek, ikusitakoarekin mugitzen hasi ziren eta guztia prestatzen hasi ziren. 1982an, larunbatean, Andra Mari dantza taldeak antzezpena egin zuen Burunda frontoian. Igandean mahai inguru bat egin zen eta orduko kartelak esaten du, besteak bestek, Juanan Urbeltz, Kepa Artetxe, Jimeno Jurio eta Adela Perkatz inauterietako lekukoetako bat, 80 urte baino gehiago zituena, egon zirela. Hori igandean izan zen, eta asteartean Altsasuko herriko jendeak egin zuen lehendabiziko aldiz antzezpena. Geroztik gaur egun arte. Tartean ere Enrikerekin hitz egiten, berak esaten zigun bere aldetik datuak hartu zituela eta sorpresa izan zela Andra Marik 1978an agertu zenean honek azkartu zuela dena. Berak egindako lana leku beretik zetorrela ikusi zuen, eta 1982an saltsan sartu zen.
6. Pertsonaia guztiak berreskuratu ziren?
Momotxorroak berreskuratu ziren. Goldea ere bai, hazia eta landa landatzen aritzen direnak, errautsak botatzen aritzen direnak ere bai... egia da Juantranposoen kontu hori ezin dela finko den argitu. Hori gehitu da. Hor ika-mika bat dago pertsonaia antzezpena den edo antzezpena pertsonaia den. Badago hor tarte hori. Maskaritak ere lehenagotik egoten ziren.
7. Eta Akerra eta sorginak?
Akerrarena eta akerrarekin zerikusia duen guztia Enrikeren ekarpena izan zen, baita Momotxorroen dantza ere. Enrike eta Urbeltz egon ziren bien artean partitura baten inguruan eta hortik dantza etorri zen.
8. Astearte inauterietan Altsasun egon zarete?
Bai, eta aurten ere hor ibiliko zara.
9. Aurreko ostiralean hitzaldia eta dokumentalaren aurrerapena egin zenuten. Zergatik egin duzue?
Galdakaon ere 1990ko hamarkadatik aurrera Altsasuko inauteriak ospatzen dira. Dantza taldeak bakarrik ospatzen dugu, baina badauka bere lekua. Orduz geroztik gaur egun artea taldean gazteak sartu dira, eta belaunaldi berriek 1990ko hamarkadan hasitakoen testigantza hartu eta jarraitu dute. Dantza taldearen urteurrena zela eta, gazte hauek galdetu zuten ea zergatik ospatzen genuen; izan ere, arraroa da Galdakaon urtero Altsasuko inauteriak antzeztea. Eta egia da badagoela eten bat non informazio hori guztia pasa egin behar den. Orduan, errora joatea erabaki genuen; lokarria bilatzera. Lokarria da 1970ko hamarkadan Andra Marik lan egin zuen Altsasun bertan inauteri hori berreskuratzen eta behin berreskuratuta Altsasun gelditu zen, gertatu behar zen bezala. Ikerketan lan egiten aritu ziren pertsonekin hitz egiten hasi ginen. Andra Maritik hasi ginen, Kepa Artetxe eta Kepa Zamallo hitzaldian egon zena, eta gero Altsasura joan ginen. Altsasun Patxi Goikoetxearekin, Amaia Oiarbiderekin, nola ez, Enrike Zelaiarekin, Satur Leozekin eta abar. Ikusi genuen ondo egon zela ariketa hori egitea oso istorio polita irten delako. Materialak dokumentazio lan bat egiteko eman zuen.
10. Zer kontatzen da dokumentalean?
Gu hasi ginen zuzeneko testigantzak jasotzeko asmoarekin eta ikusi dugu istorio polit bat dagoela. Bide horretan gabiltza. Falta zaigu konexioa egitea: behin berreskuratu zela Altsasuk lekukoa hartzen zuela eta haiek bidea eman diotela. Aurrera doa. Konexio horren zatia batu behar dugu; bertoko jendearekin elkarrizketak egin eta abar.
11. Altsasu aldera iritsiko da?
Dokumentala oraindik ez dago amaituta. Baina hor dago bor-bor lapiko bat bezala. Baina bertara joatea zen egokiena. Taldean hasi zen arren, bertan egon beharko litzatekeela uste dut. Ikusi dugu garatzen joan dela eta niri gustatuko litzaidake lehenengo aldia bertan egitea. Noski, lan guztia eginda bertan agertzen diren pertsona guztiekin hitz egin beharko dugu, beren oniritzia hartu eta gauzak ongi egin behar dira. Beraz, behin amaituta dagoenean, guztien oniritzia jaso ondoren, nik uste bidezkoena bertan egitea dela. Ibilbidea bertan hastea. Jatorria eta dena Altsasu da.
Dokumentuaren akzioak