Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ametsak egia bihurtzean

Dokumentuaren akzioak

Ametsak egia bihurtzean

Aspalditik zuten elkarrekin dantzatzeko gogoa, urte askoan munduan zehar ikasitakoa etxean erakusteko grina, eta, aukerari gehiago itxaron gabe, haren bila joatea erabaki dute azkenean. Apirilaren 29an, Dantzaren Nazioarteko Egunean, Gure Ametsa ballet gala zuzenduko dute Iker Murillok eta Lucia Lakarrak, Donostiako Kursaal jauregian, 19:00etan.
Egilea
Olatz Mitxelena Gil
Komunikabidea
Gipuzkoako Hitza
Mota
Albistea
Data
2019/04/12
Lotura
Gipuzkoako Hitza

Ametsak egia bihurtzean

Astelehenean aurkeztu zuten dantzaldia Lakarrak eta Murillok, ondoan Vitali Safronkin koreografoa zutela; hiruren artean antolatu dute gala. Lakarrak nabarmendu zuenez, “lagun artean” sortutako proiektu bat da, “ilusio eta pasio handiz egindakoa, bihotz guztia ipinita”.

Gogoratu zutenez, duela urtebete hasi zen mamitzen egia bihurtzear den ametsa, Murillo eta Lakarra lehen aldiz elkarrekin dantzatu zirenean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian: “Orduan sortu zen emanaldi bat egiteko ideia, gala bat antolatzekoa”, gogoratu zuen Lakarrak. “Urte asko dira etxetik kanpo dantzatzen, munduan zehar lan asko egiten, eta inoiz ez dugu izan aukerarik gure lana etxean behar bezala aurkezteko”.

“Asko dantzatu eta gauza desberdin asko eskaintzeko asmoz” sortu dute Gure Ametsa ballet gala; itzal handiko zuzendariak ez ezik, luxuzko gonbidatuak izango dituzte apirilaren 29an. Bederatzi dantzari igoko dira oholtzara; Lakarra, Murillo eta Safronkin, noski, eta, haiekin batera, Milango Alla Scalako Vittoria Valerio eta Claudio Coviello, eta Victor Ullate Balleteko Josue Ullate, Elena Dieguez, Cristian Oliveri eta Oscar Comensaña.

Bi zati izango ditu dantzaldiak, 11 pieza labur guztira; sei pieza lehen zatian, eta lau bigarrenean. Horietatik seitan parte hartuko dute antolatzaileek.

Safronkinek, Lakarrak eta Murillok emango diote hasiera galari, koreografo errusiarrak sortutako Reminiscence dantzatuz. Jarraian, Murillok eta Safronkinek Continuo dantzatuko dute elkarrekin, eta Lakarraren txanda izango da azkenik, dantzaldiaren lehen zatiari bukaera emateko; Victor Ullate Balleteko kide Cristian Oliveirarekin ariko da. Sola interpretatuko dute, Victor Ullateren koreografiarekin.

Mozarten musikarekin emango diote hasiera dantzaldiaren bigarren zatiari; Safronkinen Dans le meme souffle koreografia landuko dute Murillok eta Lakarrak elkarrekin. Eta jarraian iritsiko da galaren beste erakargarritasun handienetako bat. Lakarra, eguneko bere azken emanaldian, Ullaterekin batera igoko da taulara. Eduardo Loak egindako Burka koreografia dantzatuko dute biek.

Murillok eta Safronkinek itxiko dute gala, Matching Thouhts dantzatuz. “Badira dantza sekula ikusi ez duten gizonezkoak, asko gainera, eta horiei arreta pizten die klasikotik harago neoklasikoa ere badela ohartzeak. Aukera ona da dantzaren beste alderdi bat ezagutzeko, eta ez klasikoa soilik”, azaldu zuen Murillok astelehenean, gaur egun dantzan gizonezkoek duten protagonista rola aldarrikatuta.

Askotariko estiloak

Pieza motzak eta askotariko estiloak izango dira, beraz, galaren osagai nagusiak, eta, hain justu horregatik, inoiz balleta zuzenean ikusi ez duenarentzat “oso gala aproposa” dela nabarmendu zuen Safronkinek: “Asmoa da ikusle bakoitzak bere gustuko zerbait topatu ahal izatea. Horregatik uztartu ditugu estiloak”. Dantza estiloetan nola, musika estiloetan hala. Garaikidea eta klasikoa izango dira aukeran.

“Neoklasikoaren barruan, tonalitate desberdinak erakutsi nahi ditugu, hori landu dugulako guk”, jarraitu zuen Lakarrak, eta, ildo beretik, “publiko orokorrari” zuzendutako gala bat izango dela nabarmendu zuen: “Arte bat da dantza, eta jende guztiak eduki beharko luke dantza ikusteko eta gustuko duen edo ez erabakitzeko aukera. Ez da gauza elitista bat. Dantza, teknikatik harago, sentimendu bat da, emozio bat”.

Gala bat antolatzen duten lehen aldia dute Lakarrak, Murillok eta Safronkinek, baina, aukera edukiz gero, aurrerantzean bide horretan jarraitzea nahiko lukete. “Egia esan, ikaragarri gustatuko litzaiguke”, aitortu zuen Lakarrak. Errepikatzeko aukera izanez gero edo ikuskizun bera beste leku batzuetara eraman ahal izanez gero “atsegin handiz” egingo luketela aitortu zuten dantzariek.

Izan ere, haurrei dantzan irakastea bezain garrantzitsua iruditzen zaie ikuskizunak sortzea eta antolatzea, “nazioartean bezala, etxean ere haurrek txikitatik dantza ikusteko aukera izan dezaten”. Hala nabarmendu zuen Murillok. Norabide horretan, lehen urratsa egin dute Lakarrak, Murillok eta Safronkinek, eta ikusleek galari harrera ona egitea baino ez da falta orain. “Etxean dantza egingo dugu, oso gogotsu gaude, eta espero dugu jende asko etortzea gozatzera eta gu babestera”, azaldu zuen Murillok.

15 eta 39 euro artean salgai daude ballet galarako sarrerak, www.kursaal.eus webgunean.

Dokumentuaren akzioak