Dokumentuaren akzioak
AMAraun emanaldiaren estreinaldi arrakastatsua, bertsoa eremu berrietara eramanez
Ikuskizunak agintzen zuen eta ez zuen huts egin. Oihana Iguaran eta Amaiur Luluagaren AMAraun bertso, dantza eta antzerki emanaldiak estreinaldi arrakastatsua izan zuen atzo Amasa-Villabonan, Gurea Antzokiko beheko zatia lepo beteta zela. Amatasunaren inguruko hausnarketa eta prozesu horretan bidaia gisa aurkeztu zuten lana, ama izan aurreko iruditeriatik ondorengo bizipenetara.
Ama izan eta berriro bere jardun profesionalean goren mailara iritsi diren hainbaten erreferentzia egin ondoren, amatasunaren etapa bakoitzak bere bertso eta dantza koreografia landuak ditu. Bertso jardunak dramatizazio eta performance puntu handia du, eszena bakoitzaren lagungarri. Zentzu horretan, bertsoa ia birjinak zituen eremuetara eraman du Iguaranek AMAraun ikuskizunean, partoa edo erditze prozesua irudikatzen duen eszenan, esaterako. Bertsoak musikak lagunduta kantatzen ditu Iguaranek egoerari egokitutako doinuetan.
Umorerik ere ez da falta emanaldiaren hainbat momentutan.
Emanaldi bukaeran, publikoaren hunkidura eta txalo oso beroa jaso zuten sari bi artistek. "Ze ona", "ze lana egin duten" eta "ze exijentea" izan ziren gehientsuena entzuten ziren iruzkinak.
Dokumentuaren akzioak