Dokumentuaren akzioak
Amaitu dira Kalezarren San Joan jaiak
Asteazkenean San Joan eguna ospatu zuten eta, beste behin ere, soka dantza eskaini zuten kalezartarrek
Hala ere, asteazkenean izan zen askorentzat ekitaldi nagusiena izaten dena. Goizean meza nagusia izan zen ermitan eta ohikoa denez, jende dexente bildu zen ondoren plaza inguruan. Batzuk hamaiketakoa egiten, besteak toka txapelketan parte hartuaz edota beste urte batez plazan Gorritiren Showa ikusi asmoz.
Kalezartarrek soka dantza eskaini zuten arratsaldean. Burunhandiak hara eta hona ibili ziren lehendabizi eta ondoren, 19:00ak inguruan, hasi zen hamargarren urtez jarraian eskainitako saioa. Aurtengoan ere Usurbil-zarreko bi adineko omendu nahi izan zituzten, Pilar Huegun eta Joxe Antonio Etxeberria hain zuzen ere. Lore sorta bana eta txapela eta zapia jaso zituzten dantzariengandik eta saioa bertatik bertara jarraitu ahal izan zuten.
Ondoren, dantza saioa hasi zen. Ohikoa den bezala gizonezkoak izan ziren eskuak elkarri emanez soka baten gisan Kalezarko plazara irten zirenak txistuaren doinua jarraituz. Aurresku eta atzeskuaren hasierako dantza eta aurrez aurrekoaren ondoren dantzari guztiek bana banan egin zuten dantza. Neskak atera zituzten plazara segidan eta amaieran arin-arin eta fandangoak elkarrekin dantzatu zituzten. Aurtengo San Joan jaiei amaiera emateko, berriz, sardina eta sagardo dastaketa izan ziren Saizar sagardotegiaren eskutik.
Dokumentuaren akzioak